Andoaingo Udalak frankismoaren aurkako kereila jarri du, biktimekin batera

Xabier Lasa 2019ko eka. 12a, 13:30

Andoaingo Udalak frankismoaren krimenen kontrako kereila jarri du Tolosako epaitegian, gaur goizean. Ana Carrere alkateak, Andoaingo Udalak 2017ko uztailean aho batez hartutako erabakiari jarraituz, giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostena aurkeztu du epaitegian, salaketaren batera.

Hogei bat biktimek bat egin dute Andoaingo Udalaren ekimenarekin, eta epaitegiaren aurrean elkarretaratze isila egin dute, “Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez” leloa zeraman pankarta baten atzean. Udal ordezkaritza Ana Carrere alkateak eta Olga Hernandez Ganemos alderdiko zinegotziek osatu dute.

Atzera joanda, gogoratu behar da 2017ko uztailean Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Herriko Plataformak eta Oroituz elkarteak mozioa aurkeztu zutela udalbatzan, eskatuz Udala pertsonatu zedin frankismoak herrian eragindako krimenen aurka. Proposamena aho batez onartu zen udalbatzan, eta harrez gero Oroituz elkartea txostena osatzen aritu da, herriko biktimei elkarrizketak eginez eta artxiboak arakatuz.

Txosten horrek, Molaren tropek 1936ko abuztuaren 16an Andoain militarki okupatu zutenetik 70eko hamarkadaren bukaera arte diktadura frankistak eragindako giza eskubideen urraketen kronika egiten du. Besteak beste, 1936-1939ko epean nahiz 60 eta 70eko hamarkadetan fusilatu edo atxilotu eta torturatuen kasuak jasotzen ditu.

13 herritar edo familia txostenera batu dira, Udalarekin batera kereilan pertsonatzeko asmoz.

Tolosan gaur burutu den ekitaldia garratzitsutzat jo du Oroituz elkarteak. “Frankismoaren krimenek urteetan gozatu izan duten inpunitatearen aurkako pauso historikoa da. Gure herriari dagozkion Egiari buruzko lerro asko idatziak daude jadanik, eta orain aurkezten den salaketa Justiziari dagokio eskatzea. Azken batean, estatu guztian eta Euskal Herrian frankismoak eragindako milaka eta milaka biktima guztien artean andoaindarrek ere beraien duintasuna eta dagokien Justizia aldarrikatzen dute”.

Hurrengo urratsa, kereila Buenos Aireseko (Argentina) auzitegian jartzea izango da.

Bihar eta etzi, antzera jokatu dute Bergara eta Eibarko Udalek, epaitegietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!