Agintaldiaren hasieran martxan jartzeko bost proposamen aurkeztu ditu EH Bilduk

Aiurri 2019ko eka. 28a, 20:13

Koalizioak bidalitako oharraren arabera, “egitasmoak 2019 urterako aurreikusitakoak dira eta udako sasoia ona izan daiteke hauei bultzada emateko”.

Hauexek dira hedabideetara zabaldutako oharraren arabera, martxan jarri nahiko lituzketen proposamenak:

  • Olagain: “Proiektua onartu zen zerbitzuetako batzordean. Orain diru partida ezarri behar zaio esleipen prozesuarekin hasteko. Aurrekontua 350.000 eurokoa da eta partida uztailean zehar sortzea proposatzen dugu esleipen prozesua irailean bertan martxan jarri ahal izateko”.
  • Allurralde: “Arrate frontoiari eman genion lehentasuna. Orain une aproposa da obra honi ekiteko. Horretarako behinbetiko proiektua enkargatzea proposatzen dugu. Prozesua orain martxan jarrita, obra 2021an egin daiteke”.
  • Terrazak, ordenantza berria: “Salkin elkarteko ostalariekin hainbat bilera egin ondoren, lehen aurre akordioa lortu genuen. Hauteskundeen gertutasunagatik ez genuen ordenantza berria tramitatu. Orain une aproposa da elkarrizketak berrartu, ordenantza tramitatu lehenbailehen indarrean egon dadin”.
  • Txakur kakak, ordenantza: “2011-2015 legegintzaldian PSEk eta PNVk ordenantza berria blokeatu zuten. Horregatik, orangoan hori ez gertatzeko parte hartze prozesu baten bidez egitea erabaki genuen. Parte hartze prozesu horretan, txakurren jabeak, merkatariak eta parte hartu nahi duten beste herritarrak gonbidatuko genituzke. Une honetan Foru Aldundiko dirulaguntza bat onartuta dugu, eta parte hartze prozesua 2019an egin behar da. Prozesu hori uda eta gero egin ahal izateko orain jarri behar da martxan”.
  • Merkataritza eta irisgarritasuna: “Elkartu elkartearekin hitzarmen bat jarri nahi genuen martxan, Andoaingo komertzioa eta ostalaritza irisigarritasunaren ikuspegitik zein nolako egoeran zegoen aztertzeko. Hitzarmenaren zirriborroa egina dago, baina diru partida ezarri eta sinatzea falta da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!