Espainiako selekzioarekin gustura aritu dela aitortu du Wesneyk, “nahiz eta hara joan aurreko egunetan harrapatu nuen sukarra zela-eta Anberesera umorez zertxobait ukituta abiatu. Sei partida jokatu ditugu guztira. Aurreneko lau partidatan titular gisa aritu nintzen; txukun aritu ere eta gol bat sartu nuen. Bosgarrengoan, zango batean zain-tiratua jasan nuen eta zelaia utzi egin behar izan nuen”.
Txapelketa Inglaterrak irabazi du, eta estatuko taldea zortzigarren geratu da. “Esan daiteke txapelketan munduko onenak bildu direla, Australia kenduta. Gure aurretik geratu diren talde gehienak Britainia Handikoak dira; horiek gu baino trebatuago zeuden, urtean zehar lehiaketa ugari jokatzen baitituzte ”.
Gazte garaiko kirola biziberritzen
Wesney Atletico San Sebastian taldeko jokalaria izan zen urtetan, goi mailan. Bere taldekide izandako beste hiru jokalari joan dira estatuko selekzioarekin. Selekzioa batik bat Kataluniako jokalariekin osatu da. Bizipen onak ekarri ditu Rogerrek Anberesetik.
Pasadizoen atalean, jatorriz Zelanda Berrikoa izateak eragin ohi dizkion txantxak aipatu du Wesneyk: “azken afari ofizialean, hitza hartzeko eskatu zidaten txapelketaren balorazioa egin nezan; gainera, Maorien
etniaren Haka izeneko errituala egitera derrigortu ninduten. Taldekideentzat Kiwi-a bainaiz”.
Sasoiko jarraitzen du Rogerrek oraindik, eta itxaropentsu agertzen da hurrengo urtean Japonian antolatuko duen munduko txapelketari begira jarriz gero. “Makilarekin (stick) jokatzen segitzen dut ahal dudan guztietan, lasterka ere ibiltzen naiz; txapelketara forma onean iritsiko naiz.
Izatekotan ere, ekonomiak eragotzi nezake Japonia joatea, norberak bere bidaia ordaindu beharko baitu”.