Malou Henriksen Goiburuko segalaria

Xabier Lasa 2019ko uzt. 6a, 09:00
Juantxo Lopez de Munainen esanetara ari da Malou Henriksen andoaindarra. Irudian, iazko Goiburuko jaietan.

Andoaindarrak segalari izateko grina erakutsi du azken aldian, eta lehiaketen mundua probatzera joan zen Altzora, aurreko larunbatean. Euskal Herriko IX. Sega-Ligaxkako hirugarren eta azken saio erabakiorra ospatu zen bertan.

Altzoko txapelketara ez zen espreski lehiatzera joan, bere burua neurtzera baizik: “Txapelketako aurreko bi saioetan ez nuen parte hartu; azken honetan aurkeztu banintzen, batik bat neure burua neurtzeko izan zen. Bide horretatik jarrai dezakedan ala ez ikusteko”. 

Txapelketak azkartasuna eta txukuntasuna kontuan hartzen dituen modalitatea zuen oinarri, eta emakumezkoen kategorian 7×5 m2 -ko saila ebaki behar izan zuten. “25 metroko bi sail behar ziren eta nahiko bizkor ibili nintzen abailari dagokionez, pare bat minutu behar izan bainituen lanak bukatzeko; bosgarren geratu nintzen sailkapen horretan. Belarra txukun moztearen kontuan, ordea, zabarrago ibili nintzen eta sailkapenean zazpigarren geratu nintzen”.   

Jarraitzeko gogoz

Altzon indarrak neurtu ostean, sentsazioa onekin itzuli zen etxera. “Ez nintzen gustura geratu egindako lanarekin. Baina etorkizunari begira jartzen banaiz, jarraitzeko motibazioarekin itzuli nintzela esango nuke. Hobetzeko asko daukat. Batetik, urduritasuna kontrolatzen. Eta, bestetik, teknikan sakontzen. Biak ere prestaketa saioekin eta jendaurrean arituz landu litezkeela iruditzen zait”.

Malou Henriksenek Juantxo Lopez de Munain auzokidea izan du laguntzaile, orain arte. “Larunbateko saioan etengabe egiten zidan oihu, sega azpitik sar nezan. Izan ere, segaren punta maiz lurrean sartzen nuen! Zorrotza da, baina erakusle bikaina, eta estimatzen diot jarri duen interesa eta pazientzia. Juantxo herri kirolak eta bereziki sega sakon-sakonetik bizi duen pertsona da. Dena esatera, bere familia guztia da herrian sortzen diren jaien, lehiaketen eta herri kirolen animatzaile”. Malou Henriksen orain hiruzpalau urte murgildu zen herri kirolen unibertsoan. “Inoiz ez naiz oso-oso kirolaria izan, baina 2017ko Santas Krutz jaietan giza-probaren erronka planteatu zen, eta Andoaingo taldeak parte-hartzaileak behar zituenez, bertan izena eman nuen; Donostiako bi auzoen kontra aritu ginen, jaietan ikuskizun polita sortuz. Bide horretatik jarraitu nahi nuenez, Ibarrako eta Usurbilgo emakumeen giza-probatako taldeekin aritu nintzen bolada batean. Iaz, berriz, segari heldu nion Andoaingo auzoen arteko herri kirolen ligan".

Danimarkarra, herri kiroletan

Malou Henriksen Danimarkan jaio zen baina txikitan Ingalaterrara joan eta han egina da bere bizitzaren zati handi bat. Orain hamar bat urte Euskal Herrira etorri zen arte. “Biologoa naiz, eta Donostiako ikerketa zentro batean lan egiten dut; Andoainen sei bat urte daramat bizitzen, Goiburu auzoko baserri batean hain zuzen”. 

Izena, itxura-bisaia, azentua… direla eta, maiz entzun behar izan ditu galdera berberak. “Nongoa zara? Nolaz ikasi duzu euskara horren ondo? Zer dela herri kiroletan?”. Umorea eta denbora hartzen ditu, galderei erantzuteko. “Euskaldunak, berari egozten zaion topikoari eutsiz, ez dizu halakorik galdetuko aurreneko ezagutu aldian. Baina bai bigarrengo edo hirugarrengoan, behin pixka bat konfiantza hartuz gero...”. Normaltzat jotzen du herri kiroletako zenbait jenderi arraroa egitea bera segan ikustea. “Danimarkan edo Ingalaterran nik ez dut ezagutu antzeko herri kirolik, baina zer arraio, kirolak dira euskal kirol horiek ere, dibertsioa eta ariketa fisikoa uztartzen dutenak. Eta oraingoz sega egin zait gogokoen; nire nortasunarekin ondo moldatzen den kirola dela iruditzen zait, bakarka egin beharrekoa, kontzentrazioa eskatzen duena, naturan praktikatzen dena… Gainera, ezin giro jatorragoa sumatzen da segalarien artean, lehengoan Altzon frogatu zen bezala; egundoko afari giro eder batekin amaitu genuen eguna!  

Auzoen arteko lehian arituko da berriro

Iazkoaren antzera, aurten ere Malouk Goiburu auzoa ordezkatuko du Andoaingo bost auzoek Santa Krutzetan abian jarri zuten lehiaketa-ligan, sega-probari dagokionez. Etxeberrietako jaien baitan, Miranda pasealekuko belazeetan jokatuko da sega lehia, uztailaren 30ean. Malouk Mikel Jauregi (Buruntza), Unai (Etxeberrieta), Antton Arruti (Santa Krutz) eta Xabier Lasa (Sorabilla) izango ditu aurrez aurre. Pronostikoa eskatuta, irri egiten du “Lau mutilen aurretik geratu nahiko nuke. Baina oso ondo moldatzen direnak badira, Buruntza eta Etxeberrietako ordezkariak bereziki. Iaz erakustaldia eman zuten”. Lehiaren gainetik, baina, ospakizunari garrantzia ematen dio Malouk: “Oso ekimen polita da. Herri kirolak jai herrikoi eta parte hartzaile batean sustatzeaz gain, auzoetako biztanleen arteko harremanak estutzen laguntzen du. Eta
Andoaingo herriari bizitasuna ematen dio”.

 

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!