Andoaingo artisten lanak ikusgai

Xabier Lasa 2019ko uzt. 9a, 08:06

Pintura eta marrazketan irakasle den Eduardo Arreseygorren 21 ikasleek beren lanekin osatutako erakusketa ikusgai ipini dute Basteron. Irekiera ekitaldia joan den asteazkenean egin zen. Introspekzioa du izenburu erakusketak. Larunbata bitarte egongo da zabalik.

Kultura Batzordeak, ikasturtean zehar, pintura eta marrazketaren arloan antolatutako ikastaroan Eduardo Arreseygor irakasleak bere ikasleekin landu dituzten artelanak ikusi ahal izango dira erakusketan.

Arreseygorrek erakusketaren ezaugarriari buruzko azalpenak eman zituen irekiera ekitaldian: “Aurtengo ikasturtean marrazketan eta planteamendua aldatu egin dugu zertxobait. Ikasleei hasieran adierazi nien ez genuela ikasketa tekniko huts batekin konformatu behar. Alegia, ez genuela mugatu behar teknikaren ezagutzara, marrazketaren proportzioak ikastera… Zera agindu nien: landu dezagun sormenaren eremua, jarri elkarlanean buruan eduki ditzakezuen ideia ezberdinak. Izan ere, ez dago zertan lehenbizi teknika ikasi beharrik, eta ondoren, sormenaren bideari ekin. Hots, uztar litezke tekniken ikasketa eta sormenaren lanketa”.

Ana Mari Aranburu egileetako batek, gainerako ikasle guztien izenean hitza hartu zuen: “Orain arte udaletxeak antolatzen dituen klaseetan teknika landu izan dugu batez ere. Aurtengoan, aldiz, Eduardok proposatu zigun ea prest geunden sormen lanean murgiltzeko. Ez zaigu erraza egin sormen hori pentsatzea, adieraztea eta kanporatzea. Baina tira, begi aurrean daukazuena da gure ahaleginaren emaitza. Ikuspegi artistikotik batzuetan hobexeagoak izango dira erakusketako lanak, besteetan ez horren onak… Baina ez da ahaztu behar beti gure ikuspegi pertsonala ematen saiatu garela. Hortik dator introspekzioa deitu izana erakusketari. Gu behintzat oso gustura geratu gara egindakoarekin!”.

Txitxu Ruiz Kultura zinegotziak adierazi zuen artelan politekin gozatzeko aukera ematen duela erakusketak, eta zorionak eman zizkien egile guztiei.  

21 ikasleren arte lanak

Guztira 21 ikasle-artista dira beren lanak jarri dituztenak ikusgai: Mari Carmen Ayerza, Juanan Lazkano, Maria Rosario Nazabal, Edurne Osa, Maria Asuncion Garcia, Angel Carrasco, Marta Diez, Itziar Gutierrez, Maika Bouzon, Sebastian Herrero, Jose Manuel Rodrigo, Kontxi Kamio, Marga Oyarzun, Munia Garmendia, Ana Mari Aranburu, Purificacion Gomez, Maria Esther Ajona, Alejandro Gonzalez, Lorenzo Mendiola, Emilio Gambero eta Maria Luisa Santo Tomas. 

Egile bakoitzaren artelanetan murgiltzen laguntzen duten fitxa tekniko laburrak irakurri daitezke erakusketan barrena. Izenburua, teknika eta garapenaren berri ematen dute fitxa horiek.

Esate batera, Kontxi Kamiok azaldu duenez, “oleoaren teknikari beste sormen irudi erantsiekin lan egiten eta ikasten saiatu naiz”. Lorenzo Mendiolaren esanetan, berriz, “margolan figuratiboari hautabidea bilatu nahian, ariketa libreko sorkuntza egiten saiatu naiz, ehundurak erabiliaz”. Juanan Lazkanok, emakumeen aurkako errepresio frankista hartu du gaitzat, “Nire lanari “las ultimas maquis” jarri diot izenburua, borrokalari antifrankisten adiskide, ama, arreba... izate hutsagatik errepresaliatuak izan zirenei omenaldia egin nahi izan diet”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!