Karrikako jaiak 2019

Ana Isabel Gaspar, Karrikako jaien arima

Mikel Arberas 2019ko uzt. 11a, 11:15

Ana Isabel Gaspar Karrikako jaien antolakuntzan dabil. Zailtasunak dituzte jaiak antolatzeko, hiru auzokide besterik ez baitira batzordean. Ostiralean hasi eta igandera bitarte, Karrika jaietan murgilduko da.

Jaien atarian Gaspar Jai Batzordeko kidearen sentsazioa honakoa da: "Karrikako jaiak iristear daudenean auzokideek esku bat botatzen dute. Hala ere, guztia aurrerapen gehiagorekin egin zitekeen. Oso zaila da hiruren artean dena antolatzea" 

Nola joan dira jaien antolakuntza?

Oso juxtu, eta dena ematen. Urtero bezala, soilik hiru gaude, eta bakoitzak bere eginkizunak zehaztuta dauzka. Horregatik, askotan ez gara iristen. Adibidez, gaur oraindik gauzak zehazten ari gara eta hastear dira jaiak. Baina esan bezala, ez dugu denbora eta laguntza nahikoa.

Egitaraua murriztu duzue lana aurrezteko?

Egitarauko zenbait gauza kendu nahi genituen, baina azkenean zegoen bezala utzi dugu. Egia esan, Karrikako jaiak iristear daudenean auzokideek esku bat botatzen digute. Laguntza handia ematen dute. Hala ere, lana aurrerapen gehiagorekin egin zitekeen. Azkenean, oso zaila da hiruren artean hau guztia aurrera eramatea.

Zer nolako aurreikuspenak dituzue? 

Aurreikuspenak onak dira. Sanferminekin bat egiten du, baina argi dut nahi duena auzora gerturatuko dela. Horrez gain, gurasoek esan izan didate euren umeek Karrikako jaiez gozatu nahi dutela oporretara joan aurretik. Umeak oso gustura egoten dira Karrikako festetan. Aurten, gainera, gauza berriak edukiko dituzte; esaterako, ur puzgarria. Batez ere, umeentzako gauzak ekartzen saiatzen gara. Haurrak dauden lekuan gurasoak ere egoten baitira.

Belaunaldi erreleboa egongo al da festen antolakuntzan?

Oso zail ikusten dut. Pasa den urtean esan nuen antolakuntzarako prest jendea ez bazegoen oso zaila izango zela guztia aurrera eramatea. 

Denbora librean egitarauak eta paperak banatzen egoten naiz. Aurten ere, nire oporralditik bost egun hartu ditut Karrikako jaietan laguntzeko. Auzoan ez dago batzorde bat egiteko jende nahikoa. 

Nik ez dut jaien antolakuntza utzi nahi. Auzokideek beti esaten dute laguntzeko prest daudela, baina antolaketa garaia eguna iristen denean ez dira hainbeste gerturatzen, eta horrela zaila da festak antolatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!