"Gauza askoren berri izatea ahalbidetzen dit kazetaritzak"

Jon Ander Ubeda 2019ko uzt. 12a, 10:08

Mikel Arberas andoaindar gaztea ekainaz geroztik Aiurrin ari da lanean.

Gazteak kazetari ikasketak egin eta gero, diseinu grafikoari heldu zion Donostiako Ceinpron. Dualaren baitan, Aiurriko erredakzioan urtebeteko lanaldia osatzeari ekin dio. 

 

Aiurriko lantaldean hasi berria zara. Zer moduz moldatzen ari zara kazetari modura zure herrian bertan?

Egia esan, gustura nago eta nahiko ondo moldatzen naizela uste dut. Herria ondo ezagutzen dut, baita herrikideak ere, beraz, erraza egiten zait saltsetan sartuta egotea. Gainera, herritarrak jatorrak direnez, asko errazten didate lana.

Kazetari eta diseinatzaile grafikoa zara, zer da alor bakoitzetik gogoko duzuna?

Kazetaritzak gauza anitzen berri izatea ahalbidetzen dit, askotariko gaiei buruz. Niri asko gustatzen zait gertakarien berri edukitzea eta informazio hori herritarrei helaraztea. Disenatzaile grafikoaren ikuspuntutik, argazkilaritza eta bideogintza dira gehien gustatzen zaizkidan alorrak.

Aurten udan Andoaingo jaien jarraipena egiten arituko zara. Lanerako gogoz? 

Lan eramangarria da. Guztiok nahiago dugu festez gozatu lanean egon beharrean, baina gustura egiten ditut egin beharrekoak. Jaiak irudien eta bideoen bitartez jaso eta helaraztea garrantzitsua da, eta hori guztia zabaltzea nire ardura da. Beste modu batera biziko ditut jaiak.

Gazteleku pilota elkarteko kidea zara, eta aurten gainera Kontzejupekoa irabazi duzu. Pilota al da afizio handiena? 

Pilota eta pilotarekin zerikusia duten kirolak asko gustatzen zaizkit, bost urte nituenetik eskuz jokatzen saiatu naiz eta. Baina afizio gehiago ere baditut: bidaiatzea edota argazkilaritza beste batzuen artean. 

Udan zehar zure lana webgunean eta sareetan ikusi ahal izango da?

Ekainean hasi nintzen lanean eta nik uste dut erritmoa hartu dudala. Orain arte elkarrizketa batzuk egin ditut, webgunerako eta astekarirako. Jaietan ere argazkiak eta bideoak egiten aritu naiz, alde batetik bestera. Horrez gain, albisteak erredaktatu eta zabaldu ditut sare sozialen bidez. Hasi naizenetik gauza dezente egin ditudala uste dut.

Udara amaitzean zer egingo duzu Aiurrin?

Orain arte bezala, webgunean eta sare sozialetan lanean arituko naiz. Astekarian berriz, kirolen arloan eta agendan jardungo dut. Andoainen kirol mugimendu handia dago, adibidez, futbola, pilota, eskubaloia, saskibaloia, judoa, txirrindularitza beste askoren artean. Nik ez diot garrantzia kirol bakar bati eman nahi, Andoainen kirol gehiago baitaude. Egia da ez dela erraza kirol guztien emaitzei eta txapelketei buruz informatzea, baina nire ahalegina egingo dut kirolen arloa anitza izan dadin.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!