Arrate plazaren eraberritzea "estrategikoa" da EH Bildurentzat

Aiurri 2019ko uzt. 18a, 11:42
Alvarez eta Zulueta Udal hautetsiak, Arrate inguruan.

Andoaingo Udalak Arrate plazan moldaketak egiteko egitasmoari bidea eman dio, zeinaren bitartez ingurua apaindu eta merkataritza sustatu nahi den. EH Bilduk oharra argitaratu du, poza agertzeko. Egitasmo “estrategikotzat” definitu du.

Asteazken eguerdian oharra zabaldu zuen hedabideetara, balorazioa eginez.

EH Bilduren balorazioa:

“Gaur goizean Arrate plazan egokitzapenak egiteko proiektua onartu da Enplegua, Sustapen Ekonomikoa eta Gazteria batzorde informatzailean. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko da “Hirigune” programaren dirulaguntza eskuratzeko. Duela urtebete hasi ginen lantzen programa hau eskualdeko “Guztion” programaren baitan. Honen helburua merkataritzaren ikuspegitik degradatzen ari diren zonaldeak berreskuratzea da. Gogoratu behar dugu aktuazio ezberdinak egin direla azken urteotan, muralak margotuz, kaleak txukunduz eta bestelako ekintzak eginez.

Pasa den urtean, esaterako, zebrabidea jarri zen Arrate Plazan eta inguruetan, eta, lokal hutsetan biniloak jarriz edo paretetan muralak eginez hasitako bideari jarraipena emango zaio. Batetik, lokal batzuetako fatxadetan muralak margotuz, eta, bestetik, plaza ingurua erakargarriagoa izateko hainbat elementu jarrita: mahaiak, bankuak, jolasak... honekin batera, Arrate Frontoian irisgarritasuna bermatzeko aparkalekuen espazioa handituko da.

Iaz hasi genuen proiektu hau legegintzaldi berrian etenik ez izatea pozgarria da. Andoaingo merkataritza indartzea eta babestea guztion ardura izan behar du. Andoaingo EHBilduren lehentasuna izan da, eta izango da aurrerantzean ere. Norabide horretan udal gobernu berriak egiten dituen proposamenak babestuko ditugu eta gure proposamen propioak egingo ditugu. Baina herriko merkataritza babesteko neurri eraginkorrak behar dira; Merkatal Gune handien hedapena gelditzea, adibidez. EHBilduk Gasteizko Legebiltzarrean sustatu duen proposamena norabide horretan doa. Espero dugu gai honetan ere udal gobernuak bat egitea. Datozen urteotan ikusiko dugu.

Bien bitartean horrelako programak egiteaz gain, dinamika propioa izan beharko dugu Andoainen. Horretarako Merkataritza Mahaia indartzea eta plangintza sendoa izatea ezinbestekoa izango da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!