Erretiroa hartuko duen bikotearen agurra

Xabier Lasa 2019ko uzt. 23a, 10:00

Ama Kandida etorbidean dagoen Zabalaga tailerreko Mari Karmen Iturralde eta Jexux Sagaseta.

Mari Karmen Iturralde eta Jexux Sagaseta bikoteak uztailaren bukaeran erretiroa hartuko du, Andoaingo Denak industrigunean duten Zabalaga tailer mekanikoa itxita. Dagoeneko tailerrera deitzen duenak Mari Karmenen grabazio ahotsa entzungo du.

Eratzungailuko grabazioak, Mari Karmen Iturralderen ahotsean, honakoa dio: “Jubilazioa dela eta, gure tailerreko ateak itxita daude. Eskerrik asko urte hauetan guztietan gugan jarritako konfiantzagatik”. Esker oneko agertzen dira biak, harik eta 1993an tailer mekanikoa ireki zutenetik. Mari Karmen pozik dago, “azken egunetan bezero asko etorri zaigu eskerrak emanez, eta geuk eurei esker bizimodua atera dugula erantzuten diegu. Autoarekin nora joan behar ote duten ere galdetzen digute, penaz. Euren autoek izandako matxuren historiala biltzen duen papera eman, eta halako edo besteko tokira joateko gomendioa luzatzen diegu”.

Jexuxek hiruzpalau urtez lanean jarrai zezakeen, baina erretiroa biak batera hartu nahi izan dute. Besteak beste, autonomoek bizi duten egoera larria dela eta: “geroz eta zerga gehiago jartzen dizkiote autonomoei, eta ez dago horretarako eskubiderik! Gogorra da, goizetik gauera lanean jardun arren, oraindik ere hilabeteko soldata atera ahal izateko larri ibili beharra…”.

Bikoteak azken urteotan Joxe Irastorza lankide izan du. Beste tailer batean lanpostua lortu duela jakin dutenetik lasaiago daude: “Orain gure kezka bakarra tailerrean geratzen zaizkigun sei-zazpi autoak konpontzea da”.

Konfiantza eta gertutasuna

Tailerra ez da handi-handi horietakoa izan, eta konfiantza eta gertutasuna izan da oinarria. “Bezero finkoa izan dugu urtetan, guregan konfiantza jartzeko zalantzarik ez zeukatenak. Ahoz ahokoak funtzionatu du asko”. Bestalde, lanbide honetan iruzurra eginez urrunegi ezin dela joan adierazi du Jexuxek, “denok egiten ditugu hanka-sartzeak, eta halakoetan, okerra onartu eta irtenbidea bilatzea besterik ez dago”.

Autogintzaren sektorean teknologia izugarri aurreratu da, eta Jexuxek dioenez, “etengabe birziklatzea egokitu izan zaigu, baina kontziente izanda noraino irits gintezkeen eta noraino ez. Konponketaren bat gure esku egon ez denean, beste tailer espezializatuetara jo izan dugu, bezeroarekin hitz egin ostean”.

Orokorrean bezero zintzoak ezagutu dituzten arren, salbuespentzat jo behar diren pasadizoak datozkie gogora. Irribarre txikiarekin kontatu dituzte horietako zenbait. “Norberaren autoa tarteko denean, nahiko xelebre jartzen gara batzuetan; matxura, azkar batean konpontzea nahi izaten dugu”. Lehenbiziko oporraldia burura etorri zaio Jexuxi: “Tailerraren atean, larrialdi kasuetarako, etxeko telefonoa jartzea otu zitzaidan, bekatua iruditzen baitzitzaidan ixtea. Bada, asteburu batean, hor non deitzen digun bezero batek, laguntza eske: olioa aldatzen hasi-eta, zirrindola (arandela) bat falta zaidala konturatu naiz”.

Salaketa bakarra

Bikoteak dioenez, 26 urtean salaketa bakarra jaso dute: “Pieza bat aldatu ostean, faktura ordaindu eta eskerrik asko eta agur esanda bezero bat tailerretik joan zen. Hurrengo egunean, kontsumitzaileen bulegotik deitu gintuzten, bezero horrek salaketa jarri zigula esanez. Nonbait, interneten guk aldatutako pieza merkeago topatu zuen. Baina jakina, guk autoaren markaren pieza ofiziala jarri genion, eta hark pieza baliokidearen prezioa ikusi zuen. Egia esanda, internetak izugarrizko mesedea egiten digu gauza askorekin, baina bazterrak nahasteko ere ederra da! Bertan agertzen den guztiari amen egin behar zaiola uste dugu. Mekanikoekin bezala, medikuekin ere kontsultetan halaxe ari da gertatzen; osasunaren gainean denetik dakigula iruditzen zaigu, nahiz eta profesional baten aurrean jarri!”.

Zabalaga izenaren jatorria

Tailerraren izenaren jatorriaz maiz galdetu izan diete. Hernaniko baserriaren izena da, Jexuxen haurtzaroko toki kuttuna. “Donostian jaio arren, Hernaniko baserrira joan nintzen bizitzera. Amonarengana, zortzi urterekin. Bertan hazitakoa naiz, eta umetako jolasak Lore-Tokiko militarren seme-alabekin egitea egokitu zitzaidan; soldaduska ere bertan egin nuen. Mari Karmen eta biok Añorgako festetan ezagutu, eta 1980an ezkondu ginen. Zabalaga baserrian zortzi bat urte egin genituen, baina Andoainera bizitzera etortzea erabaki genuenean, hura saldu behar izan genuen. Pena handia hartu nuen, nuen loturagatik. Erabaki zailak hartu behar izaten dira, tarteka, aurrera egiteko. Ondorengoa da Zabalaga baserriaren bueltan sortutako Txillida-Leku museoa”.

Aurrerantzean zer?

Senar-emaztearentzat eta bi seme-alabentzat tailerra bigarren etxearen parekoa bada ere, ixteak ez die hainbesteko penarik ematen. Mari Karmenek dioenez, aurrerantzean nahi dutena egiteko denbora edukiko dute. Lehen ez bezala: “Elkarrekin beste modu batera egoteko aukera edukiko dugu, patxada hartuz. Izan ere, orain arte, etxera eraman izan ditugu tailerreko kontu guztiak, hurrengo egunetarako zer nolako eginbeharrak geneuzkan elkarri gogoraraziz”.

Ez dute berebiziko proiektu handirik buruan. Eguneroko gauza txikiekin gehiago gozatzeko gogoz daude. Jexuxek, besteak beste, mendiko paseoei helduko die gogotik: “ehizarako zaletasuna eduki dut beti, eta horretatik gero eta gutxiago dagoenez, zakurrak mendira pasiatzera aterako ditut”. Mari Karmenek, berriz, plaza dantzako gogoari bidea emango dio. “Rosario ahizpa eta biok dantza ikastaroa egin berri dugu Urkirekin, Maite alaba irakasle genuela. Hiruok erromeriaz-erromeria hasita gaude, Aiko taldearekin. Ingelesa ikasteak ere erakartzen nau, amorrua ematen baitit telebistan-edo entzun eta ezin ulertzeak. Ez dakit oraindik hizkuntza hori ikasteko pausoa emango ote dudan ala ez”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!