Alkateak elebietan jardun zuen atzoko plenoan

Jon Ander Ubeda 2019ko uzt. 19a, 18:18

Lehen plenoan sortu zen ika-mika eta gero, Maider Lainezek ohar bidez elebietan jardungo zuela iragarri zuen. Atzokoan halaxe jardun zuen, eta EH Bilduk alkatearen jarrera aldaketarekin poza agertu zuen.

Galde-erreguen tartean euskararen erabilera hizpide hartu zuten. Jon Zulueta EH Bilduko bozeramaileak eskerrak eman zizkion alkateari, plenoan euskara erabiltzeko erabakia hartu zuelako: “Hausnarketa modura, aurreko plenotik triste irten ginen eta gaur poza agertu nahi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu alkateari, praktikan euskararen erabilerari buruz lehen plenoan adierazitakoa aldatu duelako. Pozten gara. Hanka sartu daiteke, eta hanka sartu dela aitortu ere. Onartzea nahikoa da, errua hirugarren bati bota gabe”.

Lainezek bere aldetik, herrikide guztien hizkuntza eskubidearen alde hitz egin zuen: “Aurrekoan gaizki ulertua izan zen, eta akatsa egin banu ez dut arazorik onartzeko eta barkamena eskatzeko. Baina, argi dago, nahiz eta gaur ni elebietan nire interbentzioak egin, oraindik gabezia dagoela. Hainbat interbentzio ez dira ulertuko hizkuntza bakarrean egiten delako. Teknikoki konpontzeko bidean gaudela esan dezaket, pertsonalki informatika sailarekin eta euskara lansailarekin lanean nabilelako”.

Andoain APP

Galde-erreguen tartean, EH Bilduk Andoain APP gailu elektronikoetarako arreta zerbitzuaren aplikazioaz galdera egin zuen. EH Bilduko bozeramaile Jon Zuluetak agintaldiaren hasieran zer gertatzen ari zen jakin nahi izan zuen, hainbat erabiltzailek azaldutako kexatik abiatuta.

EAJ-PNVko bozeramaile Marijose Izagirrek uztailaren 17ra arte APPra ez zutela sarbiderik izan adierazi zion. Sozialisten esku dagoen alkatetzatik bideratzen zirela APPra iritsitako jakinarazpen guztiak. Eta, handik EAJ-PNVri dagozkion lansailetara helarazten zirela -Zerbitzuak lansailekoak, nagusiki-. Sanjuanak tarteko, eta informatikariaren oporraldia tarteko, jakinarazpen guztiei erantzuna emateko tarterik ez zela izan erantsi zuen.

EH Bilduk Udalekoak diren giltza eta sarbide guztiak lehen egunetik gobernu taldearen esku daudela gogorarazi zien. APPrena gobernu kide diren PSE-EE eta EAJ-PNV alderdien arteko komunikazio faltaren eta doitze faltaren adierazgarri zela erantsi zuen.

Hari erantzunez, lan karga handia zutela arrazoituz jarraitu zuten jeltzaleek, eta APPtik jasotako jakinarazpenen artean aurreko agintaldikoak ere badirela gogorarazi zien EH Bilduko kideei. Iraganeko jakinarazpen horiek zerrendatzea eskatu zioten jeltzaleen bozeramaileari, eta Zuluetak azken hiru urteotako erabilgarritasuna eta onespen maila handia defendatu zuen.

PSE-EEtik EAJ-PNVk erabilitako argudioak defendatu zituzten. Dena esatera, interpretazio anitzerako adierazpena eginez jarraitu zuen Lainezek: “Ez da komunikazio falta izan. EAJk bazuen sartzeko eta ikusteko aukera. Gertatu dena da guk sail batzuk gure gain hartu ditugula, eta eurek ahal izan dutenean hasi direla erantzuten. Alderdi sozialistaren aldetik lehenengo momentutik hasi gara erantzuten herritarrei, teknikoekin hitz egin dugun heinean”.

Galde-erreguen atalean sortu ziren, beraz, eztabaida nabarmenenak. Abuztuan ez da plenorik izango, eta irailaren amaiera aldera ekingo diote berriro.

Pleno osoa ikusgai dago, Andoaingo Udalaren Youtube kanalean:

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!