Donostiako Klasikoa Andoain barrena igaroko da

Jon Ander Ubeda 2019ko uzt. 21a, 09:20

Abuztuaren 3an igaroko da, arratsaldeko 14:00ak aldera. Andoaingo Txirrindulari Eskola ibilbide zati horren arduraduna izango da, eta lasterketaren segurtasuna bermatzeko laguntzaileen premian dago. Deialdia zabaldu dute.

Andoaingo Txirrindulari Eskolaren ardurapean igaroko da Klasikoa, Adunatik iristen den unetik eta Urnietako Iruraingo gainaraino. Ez da ardura eskasa, eta dagoeneko lanean hasi dira: “Txirrindulari eskolak bultzatuta, Andoaingo elkarte batzuk eta bolondresak arduratuko gara bide-gurutzeak eta ibilbidearen segurtasuna kontrolatzeaz. 80 bolondres inguru beharko ditugu ibilbidea behar bezala kontrolatzeko.
Lasterketa irekitzen duen autoa igarotzen denetik errepidea ireki arte, errepidea 30 minutuz moztuta geratuko litzateke”. Hortxe beraz deialdia. Laguntzeko prest dagoenak honako posta elektronikora idatzi behar du: info@andoaingo.eus.

Ardura, eta gozamena

Txirrinduzaleentzat gozamena izango da, munduko onenen tropela bertatik bertara pasako baita. Hauxe izango da ikusleentzat ibilbidea: Adunatik jaitsi eta Irizar paretik, Karrika, Zumea, Kaleberria, Kale Nagusia, Goikoplaza, Kaletxiki eta Gudarien etorbidetik Urnietara iritsiko dira.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!