Goiburuko jaiak 2019

"Lehenengo erromeri maratoia ospatuko dugu aurtengo jaietan"

Olatz Lasa 2019ko uzt. 29a, 21:08
Unai Ormaetxea eta Garazi Usandizaga Jai Batzordeko kideak.

Unai Ormaetxea eta Garazi Usandizaga Jai Batzordeko kideei elkarrizketa, jaien atarian.

Ba al da berrikuntzarik aurtengo jai egitarauan?

Garazi Usandizaga: San Estebango lehenengo erromeri maratoia ospatuko dugu aurtengo jaietan. Helburua 18:00etatik 21:00etara auzoko trikitilariak gelditu gabe trikitixa jotzen aritzea da, eta era berean, jendea plazan dantzan aritzea hiru orduz. Ea andoaindarrak eta inguruko herritarrak animatzen diren dantzatzera. Aproposa iruditu zaigu erromeria larunbat arratsaldean egitea, San Esteban egunean. Polita izaten da ikustea auzoko adin ezberdineko jendea nola aritzen den dantzan. Aurreko urteetan herri kirol desafioak plazatik aldenduta egin dira; horregatik, festa plazan ospatu nahi dugu.

Zenbat kide biltzen zarete jai batzordean?

G. U.: Bileretan sei lagun inguru elkartzen gara. Aurten 14-16 urte inguruko lau kide batu dira San Estebango Gazte Asanbladara (SEGA). Urtero esku bat botatzen aritzen dira oilasko jokoan eta beste ekimenetan, eta aurtengoan gurekin festak antolatzen laguntzeko proposatu diegu.

Unai Ormaetxea: Urtean zehar batzuetan jende gehiago biltzen gara, bestetan gutxiago. Festak iristen ari direnean jende gehiago elkartzen gara.

Herri kirol desafioa nolako izango den aurreratzerik?

G. U.: Traktoreari tiraka izango da. Aurreko urteetan antolatu izan da eta sekulako arrakasta eduki zuen. Hori ikusita errepikatzea erabaki dugu.

U. O.: Liga horretarako da, ez da konpetizio hutsa. Jendea erakartzen dugu auzoko jaietara.

Zer dute Goiburuko jaiek gainerako auzoek ez dutena?

U. O.: Ingurua. Andoaingo ia punturik altuena da. Baserri inguruko festak ezberdinak dira kalekoekin alderatuta, bai egitarau aldetik bai musika estilo aldetik. Nortasunarekin doa lotuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!