Mikel Jauregi auzotarra eta jai batzordeko kidea da: “Auzotarrek parte hartzen duten heinean, jaiak antolatzen jarraitzeko prest gaude gu”.
Egitarauaren baitan, zein ekimen nabarmenduko zenuke?
Oilasko biltzea da jaietako ekimenik fuerteenetakoa. Buruntza oso auzo handia da eta sakabanatuta daude baserriak. Bizilagunek izugarri eskertzen dute haiengana joatea. Eta noski, gustura egoten gara gu ere.
San Roke krosak ere badu oihartzunik...
Polita izaten da krosa ere. Bizilagun askok laguntzen du antolakuntzan eta haiei esker jarraitzen da egiten. Lan handia egin behar da atzetik eta taldean aritzeak indarra ematen digu. Oso gustura gaude.
Zer diozu San Roke egunaz?
San Roke ermita eta aterpe gunetik, eliza zaharreko eremura jaitsi genuen festa eta lehen etortzen ez zen kaleko jendea ere etorri egiten da orain. Auzo asko garenez, festa asko izaten da Andoainen. Giro ona dugu elkarren artean. Iaz hasi ziren herri kirol probei esker sendotu egin da auzoen arteko harremana. Jende asko bildu zen iaz herri kirol frogen inguruan Buruntzan. Oso egun polita eta berezia izan zen. Auzotarrek parte hartzen duten heinean, jaiak antolatzen jarraitzeko prest gaude gu.