Jende Xumea ekimenekoen egonaldia Bolivia aldean

Aiurri 2019ko uzt. 29a, 11:41

Hegaldia hartzear zirela. Jende Xumea ekimeneko kideak.

Jende Xumea Andoaingo ekimeneko lantaldea Bolivian dago, elkartasunezko egonaldia burutzen. Igandero kronikak zabaltzen dituzte euren Facebook orrialdetik. Jarraian, bi lehen asteetako kronikak:

Lehen kronika:

“Uztailaren hamabostean iritsi ginen Santa Cruz de la Sierrara. Lehen egun honetan, Los Huérfanos umezurztegia ezagutzeko aukera izan genuen, bertako haurrekin harremanetan jarriz. Ordu aldaketaren ondorioz, lehen eguna gure gorputza erritmo bolibiarrera ohitzeko erabili genuen. Ordutik aurrera, bi taldetan banatu gara, batzuk Plataforma Solidaria izeneko haurtzaindegira joanez eta besteak aipatutako umezurztegian geldituz.

Umezurztegian, bertako gazteei beraien ikasketetan zein inprentan laguntzen diegu. Ikasleak bi multzotan banatzen dira; goizean edo arratsaldean ikasten dutenak. Hau horrela izanik, goizean laguntza gelara joaten gara, eta hau amaitzean, inprentara, bertako lanetan laguntza eskaintzera. Batzuek hau egiten duten bitartean, besteok Plataformara joaten gara. Bertan, ekintza desberdinak burutzen ditugu. Alde batetik, goizean sukaldariei laguntzeaz gain, 2tik 6 urtera bitarteko haurrekin egoten gara bertako haurtzaindegian, beraien irakasleei lagunduz. Bestalde, bazkalorduan inguruko gazteak hurbiltzen dira bazkaltzera. Honen ostean, arratsaldean, errefortzu gela zabaltzen dugu eta haur hauei eskolako lanak egiten laguntzen diegu.

Egunari amaiera emateko, guztiak batera elkartzen gara afaltzeko, eta ondoren, berriro ere errefortzu gelara bueltatzen gara.

Lehen asteburu honetako ostiral gauean, ezagutza jolasak egin genituen, gure artean hobeto ezagutze arren. Larunbat goizean, asteko martxa bera jarraitu genuen, baina arratsaldean, familia batzuk ezagutzera joan ginen, beraien errealitatea ikusteko asmoz. Astea amaitzeko, igande arratsaldean igerilekura joan ginen.

Lehen astea izateko gauza asko ikasi ditugu, adibidez, Boliviako errealitatea ezagutzea. Hala ere, garrantzitsuena zera izan da, guk eman dugun laguntza eta esfortzuak maitasuna eskaini digula sari gisa.

Ea zer ekar dakiguken datozen asteak!”.

Bigarren kronika:

“Bigarren astea igaro da iada eta gure bidaiaren ekuatorrera heltzen goaz pixkanaka-pixkanaka. Aste honetan dinamika berdinarekin jardun dugu: talde bat umezurztegian aritu den bitartean, besteak Plataforma Solidariora abiatu dira eguna igarotzera. Aurreko astearen aldean eguraldian aldaketa nabarmena izan dugu, hain famatua den "surasoa" ezagutuz eta egunak zein gauak hotz, euritsu eta haizetsuak bilakatuz.

Umezurztegian inprentako zereginetan praktika hartzen goaz eta hemendik gutxira dauden tailer desberdinetan adituak bihurtuko gara. Orduak bizkor pasatzen dira hurrengo kurtsorako baliagarriak izango diren agendak enkuadernatzen, koadernoen tapak osatzen, dokumentuak liburuxketan bilakatzen eta bestelako hainbat zeregin burutzen. Bestetik, liburudendan ere gure laguntza eskaini dugu, eta bertako erakusleihoa diseinatu eta ikusberrituko dugu. Oraingoz diseinua besterik ez dugu egin, ea datorren asterako amaiturik aurkezten dizuegun.

Plataformari dagokionez, zenbait aurrerakuntza nabaritu dira. Horietako bat bertako liburutegia goitik behera txukuntzea izan da, hurbiltzen diren ikasle bai bolondresentzako erabilgarriagoa izan dadin.

Hortaz gain, haurtzaindegian eta sukaldean ere jardun dugu ahal genuen guztian laguntzen.

Asteko errutinatik kanpo, beste hainbat ekintzetaz gozatzeko aukera ere izan dugu. Hasteko, ostiral gauean pelikula saioa antolatu genuen umezurztegian aste guztian zeharreko nekeaz apur-bat ahazteko. Larunbatean, berriz, goiza tailerretan pasa genuen eta arratsaldean hilabeteko urtebetetze festa antolatu genuen. Dantzari apartak aurkitu genituen gure artean, eta horrek festa paregabea izatea bilakatu zuen. Gaurkoan, gazteek eguna libre hartzen dutenez, hiria bisitatzeko aprobetxatu dugu astean lehenengo aldiz eguzkia lagun izan dugularik. Arratsaldean, berriz, “gynkana zikina” prestatu dugu. A zer nolako zirkua!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!