Leitzaran Bisitarien Etxea Andoaingo bailaraz gozatzeko eta ezagutarazteko zentroa

Aiurri 2019ko uzt. 30a, 16:23

Bizibiziki enpresa duela lau urte Leitzaran Bisitarien Etxeaz arduratzen hasi zen, turismo aholkularitza ezberdintzat. Lau urteetan, Andoaingo Leitzaran bailara ezagutzeko ekintzak antolatzen aritu dira bertako langileak.

 

Leitzaran Bisitarien Etxeak eskaintza zabala du ekintzei dagokionez; bisita gidatua bizikletan, GPS ikastaroa, karramarro arrantza eta Nordic Walking saioa beste askoren artean. Horrek jende mordoa erakarri du udaran zehar. Horregatik, Leitzaran bisitarien etxeari buruz gehiago jakiteko Miren Arrigainekin aritu gara hizketan.

Arrigainek dioenez, ekintzen artean aukera zabala dago helduentzako eta haurrentzako, baina jendea gehien erakartzen duena gune berdea eta bizikleten alokairua da. Betiko bizikletak dituzte, baita elektrikoak ere, eta jendeak egun pasa egiteko aprobetxatzen ditu bisitarien etxeak dituen eskaintzak. Horrez gain, uraren interpretazio zentroa bisitatzeko aukera dago, eta bizikletaz edo oinez bisita gidatuak ere egiten dituzte. Ikus daitekeenez, eskaintza handia da, askotarikoa eta haur zein helduentzako erakargarria.

Leitzaran bisitarien etxea ez da soilik ekintzak antolatzen diren gune bat; Miren Arrigainen arabera, bisitarien etxeak informazio turistikoa ematen du Andoainen dagoen beste informazio bulegoarekin batera. Inguruko eta Gipuzkoa osoko informazio turistikoa helarazten du, eta horri begira aukera anitzak eskaintzen dituzte edonorentzat.

Leitzaran bailarak jende asko erakartzen du urte osoan zehar, batez ere, udan eguzkiarekin eta eguraldi onarekin batera. “Bisitari euskaldun asko etortzen dira egun pasa egitera eta askotan bizikletak alokatzen dituzte. Udaran, berriz, atzerritar mordoa etortzen da, hala nola holandarrak, estatubatuarrak, belgikarrak, frantsesak etab. Hala ere, esango nuke ekintza programatuetan parte hartzen duten ehuneko ehuna hemengoa dela”, dio irmo Arrigainek. 

Leitzaran bisitarien etxearen denboraldia azaroan amaitzen da, beraz, azken ekitaldia urrian egingo da (Qi Gong eta Tai Chi saioa naturan). Bestalde, kurtso hasieran, amaieran eta uztailean ikastetxeekin eta aisialdi taldeekin lan handia egiten dutela adierazi du. 

Abuztuak 1 eta 8 Bisita gidatua + Pintxo pote

Abuztuak 8 Karramarro arrantza Leitzaranen (GAF)

Abuztuak 10 Karramarro arrantza Leitzaranen (GAF) 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!