Zarraton eta Andoain, sagardo festak elkartuta

Xabier Lasa 2019ko ira. 4a, 12:16

Andoaingo hogei bost bat herritarrek Errioxako Zarraton herrian festa antolatu zuten abuztuaren 10ean. Bertako biztanleekin batera, sagardoaren inguruko festa egun osoan zehar ospatu zuten hain zuzen.

Harotik 8 kilometrora dagoen herri horretan igarotzen dituzte oporrak andoaindar horiek, eta iaz otu zitzaien festa antolatzea, gastronomiaren bitartez Zarraton eta Andoain herrien arteko nolabaiteko kultur harremana sortzeko gogoz.

Aburuza, Bereziartua, Etxeberria, Oiarbide, Setien, Rufino eta Zabala sagardotegietako sagardoa eraman zuten hara, eta plazan jarritako karpan, sagardotegi bakoitzeko mahai bat jarri zuten. Hiru pintxo gehi edalontzia, sei eurotan eduki zuten festara bertatu zirenek. Andoaindarrek jardun zuten sagardoa zerbitzatzen.

Bostehun bat pertsona bildu ditu aurtengo edizioak. Iaz zein aurten lortutako arrakasta ikusirik, antolatzaileak ziur dira festak hurrengo urtetan jarraipena izango duela. Bertako alkate den Victor Mansok adierazi die udalak eskura daukan guztia egingo duela hala izan dedin, eta sagardogileen elkarteak ere antzeko prestutasuna agertu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!