Plazaolako naturbidean barrena korrika

Mikel Arberas 2019ko ira. 12a, 07:53

Igande honetan Plazaola natur bideko maratoiaren edizio berriko lasterkariak Goikoplazara iritsiko da. Bezperan, arratsaldeko 18:00tatik 20:00tara, dortsalen banaketa egingo dute Goikoplazan bertan. Aukeran hiru lasterketa ezberdinetan parte hartzeko aukera dago: 42 kilometrokoa (Lekunberri-Andoain), 26koa (Leitza-Andoain) eta 10ekoa (Andoain-Andoain).

[Oharra: Sare sozial batean ikusi dugunez, Plazaolako Partzuergoak adierazi du 10 kilometroko proba bertan behera geratu dela oso parte hartze eskasa zegoelako]

Josu Arregi andoaindarraren hirugarren aldia izango da Plazaolako natur bideko maratoian parte hartzen duela. Guztietan 26 kilometroko lasterketa egin du, Leitza eta Andoain artekoa. Baina ez du baztertzen etorkizunean Lekunberri-Andoain egitea.

37 urteko korrikalaria da. 2015ean hasi zen lasterketetan parte hartzen, eta jada dozenaka egin ditu. Lehen egun hartatik aurrera, ezin izan dio korri egiteari utzi.

Duela gutxi hasi zinen lasterketetan parte hartzen, baina zenbatetan hartu duzu parte?

Denbora gutxi daramadan arren, dagoeneko 114 lasterketetan parte hartu dut. Bai, harrapatuta nauka lasterka egiteak.

Plazaolako natur bideko maratoia zenbatetan korritu duzu?

Birritan parte hartu dut, eta bietan 26 kilometrokoa egin dut,  Leitzatik Andoainera. Agian, urteren batean, Lekunberritik animatuko naiz. Batek daki.

Zer du lasterketa honek berezia, gainerakoekin alderatuta?

Andoaindarrak garenontzako, horren berezia den Trentxikitik doa eta lasterketa herrian amaitzen da, Hollywooden pareko alfonbra gorria zeharkatu behar da; etxekoen, lagunen eta ezagunen animoen eta txaloen artean.

Lasterketa hau ezberdina da, ibilbidearen gehiengoa aldapan behera da…

Leitza inguruko malda kenduta guztia aldapan behera da, baina ibilbide erosoa dirudien arren, muskularki oso gogorra da. Egin ditudan lasterketa guztietatik, okerren bukatu dudana izan da, hankeko muskulu bikien gainkargagatik.

Kanpoko jende asko etortzen da Plazaolako maratoian eta maratoi erdian parte hartzera...

Lasterketa polita delako. Erronka handia da Lekunberri-Andoain (42 kilometro), edo Leitza-Andoain (26 kilometro) egitea. Paraje oso ederretatik zoaz, tunelak zeharkatzen. Ibilbide guztian zehar jendea animatzen egoten da. Gainera, antolakuntza izugarria da. Goizean goiz Leitzara eta Lekunberrira eramaten zaituzten autobusak daude. Bidean zehar hornidura gune ugari daude, indarrak berreskuratzeko. Eta, lehen esan dudana, bukaera oso berezia da. Andoaindarrentzat, bereziki.

Aurten berrikuntza bat egonen da, 10 kilometroko lasterketa Andoain barrena. Zer iruditzen zaizu?

Hasiera batean asko harritu ninduen. Ez dakit ibilbidea nola eta nondik egingo duten, baina aukera hori egotea oso ondo dagoela iruditzen zait. Egongo da norbait 26koa edo 42koa egiteak atzera botako diona. Saio motzagoarekin aski zaio, ziurrenik. Lasterketa motza egiten ondo pasa duenak, agian beste edizio batean 26ko edota 42koa egiteko erronkari euts diezaioke.

Plazaolako natur bideko maratoiak naturarekin kontzientziatzeko balio lezake?

Plazaolako lasterketa, batez ere, naturarekin kontzientziatzeko balio beharko liguke. Hornidura-guneetako edalontziak edonon ez botatzeko eskaera egingo nieke lasterkariei. Leku liluragarri honi errespetu apur bat zor diogula uste dut. Agian, eta ondo irudituko litzaidake, autengo Tolosako T2T eta T3T-an bezalaxe, edatekoa bakoitzak eramango balu. Plastikozko edalontziak ez zeudenez, mendiak askoz ere gutxiago zikindu ziren.

Kasu ia gehienetan korrikalariak errespetuz jokatzen du. Eta antolatzaileek ere erraztasunak jartzen dituzte mendiak garbi mantentzeko. Eta hori eskertzekoa da.

Euskal Herrian Plazaolako maratoia entzutetsua egin dela dirudi...

Hori dirudi. Aurtengoarekin laugarren edizioa da, eta pixkanaka zer esan handiagoa du korrikalarien artean. Beste lasterketetan ibiltzen diren ezagun ugari gerturatuko dira oraingoan. Gainera, hamar kilometroko distantzia erantsita argi dago jende kopurua nabarmenki handituko dela. Eta ez Andoainen soilik, Maratón Vías Verdes ekimenaren baitan antolatutako beste hiru lasterketetan (Madrid, Girona eta Castellon) gauza bera  pasa da.

Plazaolako lasterketan parte hartzeko zalantzan dagoen jendeari zer esango zenioke?

Animatzeko esango nieke. Giro ederra, ingurugiro ezin hobean,  esperientzia polita da. Aurten hiru distantzia egonda, hamarrekoarekin has daitezela besteak gogorregiak direla iruditzen bazaizkie. Beste edizioetan lasterketa luzeagoetan parte har dezakete. Gainera, andoaindarrentzat leku maitatua da Plazaola, askotan joaten baikara Trentxikira entrenatzera eta, bertan, korrikalari askorekin bat egiten baitugu.

Lasterketak hobetzeko zerbait gomendatu nahiko zenuke?

Lehen aipatu bezala, plastikozko edalontziak ez jartzea proposatuko nuke. T2T eta T3T lasterketetan bezala, bakoitzak bere edalontzia edo kantinplora eramatea, eta hornidura-guneetan betetzea. Horrekin ingurugiroa garbi egotea bermatuko genuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!