Unanibia zubiaren omenezko aparteko kontzertua

Xabier Lasa 2019ko ira. 17a, 15:59

Unanibian kontzertu berezia eskainiko du Gora Kaletxiki Bandak igandean. Bi arrazoiengatik izango da apartekoa: paraje natural horri eskainitako abestia estreinatuko duelako, eta, paraje horretan bertan kontzertua zuzenean egingo duelako. Igandean, 12:30etik aurrera gozatu ahal izango da kontzertuarekin. Autobus zerbitzua jarriko da, Otietara joan etorria egiteko.

Maider Lanez Andoaingo alkateak eta Ascension Parron zinegotziak, Gora Kaletxiki Bandako kide diren Joxeramon Berrondo, Jexus Ibañez, Julen Barrio eta Joxean Well musikariek eta Estebe Lopez de Muniain Goiburu auzoko SEGA elkarteko kideak kontzertuari buruzko xehetasunak jakinarazi zituzten Errekaburu elkartean astelehenean eskainitako prentsaurrekoan.

Joxe Mari Oiartzabal musikariak konposatu du Unanibia pieza, eta Joxerramon Berrondok hitzak jarri dizkio. Berrondok zehaztu zuenez, “letran hainbat alderdi nahi izan dira islatu: Unanibiako zubia Andoaingo irudia dela eta andoaindarrek biziki maite dugula, iraganean sorginen bilkura izan zela eta baita burniolena (Olazar, Olaberri, Olabista, Lizarkola...) ere”.

Kontzertua Leitzaran bailararekin zerikusia duten abestiekin osatuko du Bandak:

- Andoain (Luis Fraca)

- Leizaran (J.M. Oiartzabal; bakarlari, Joxeramon Berrondo Izagirre).

- Artetxepea (J.M. Oiartzabal)

- Antzizar (J.M. Oiartzabal).

- Goiburu (Pepe Andoain).

- Unanibia (J.M. Oiartzabal).

 

32 musikariek joko dute igandean: bi baju, bost bonbardino, sei tronboi, sei tronpeta, saxo tenor bat, zazpi saxofoi, bi klarinete eta hiru perkutsio. Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean jardungo dute guztiek ere.

Prentsaurrekora bildu ziren musikarien iritziz, abesti horiek eragindako soinuek bat egingo dute Leitzaran ibaiaren etengabeko hotsarekin, "kontzertua naturgunearen parte bilakatzea nahi genuke".

Maider Lainez alkateak Gora Kaletxiki bandaren kideei eskerrak eman zizkien hartu duten lanagatik eta Leitzaran bailarari eta Andoaingo herriari kultur ekarpen hori eskainzeagatik.

Gora Kaletxiki Bandako kideek antolakuntzan Andoaingo Udalaren eta Goiburu auzoko gazteen laguntza izan du. Antolatzaileek adierazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero Goiburuko San Esteban baselizan egingo da kontzertua.

 

Autobus zerbitzua

Autobus zerbitzua jarriko da Otieta parkera hurbiltzeko:

Irten Goikoplazatik: 11:45ean eta 12:10ean.

Itzulera Otieta parketik: 13:45ean eta 14:10ean.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!