Mugitu Andoain, hainbat kirol jardunaldi larunbat honetan

Xabier Lasa 2019ko ira. 18a, 08:54

Andoaingo Udalak kaleetan barrena kirola “familia giroan eta erritmo lasaian” praktikatzeko hainbat ekintza antolatu ditu larunbaterako, “Mugitu Andoain!” izeneko ekimenaren baitan. Euskalduna Mendigoizale taldea, Andoaingo Txirrindulari Eskola, Irrist-Irri eta Ibili Andoain talde eragileekin elkarlanean antolatu ditu ekitaldiak Andoaingo Udalak.

Maider Lainez alkateak, Oscar Mendo kiroletako zinegotziak eta Ixiar Olano Allurralde kiroldegiko kirol teknikariak “Mugitu Andoain” ekimena aurkeztu zuten udaletxean, asteartean eguardian.

Oscar Mendo zinegotziak egitarauaren helburuak zeintzuk diren azaldu zituen: “guztiok gure baitan dugun kirozalea kalera ateratzea da, jarduera fisikoa sustatuz, kirola kale giroan ikustera emanez eta Andoaingo kaleak jai-giro betean astinduz”.

Irailak 21, larunbata

Goikoplaza

10:00 "Denak bizikletan!", Trentxiki aldera abiatzeko.

10:00 Mendi irteera.

10:30 Ipar martxa, ikastaroa gehi ibilbidea.

10:45 Ibili Andoain, 65 urtetik gorakoentzat.

Zumea plaza

11:00 Disfrutatu patinetan.

11:30 Goazen korrika.

12:00 Aitortza ekitaldia Mikel Iturriari eta Nahikari Garciari. Iturria Andoaingo Txirrindulari Eskolan aritutakoa da eta Nahikari Garcia urnietarra Andoainen bizi da. Iturria Andoaingo Txirrindulari Eskolaren altzoan hezi da txirrindulari gisa, eta bukatu berri den Espainiako Itzulian 11. etapa irabazi du. Garcia, berriz, Real Sociedad taldeko jokalaririk distiratsuenetakoa da gaur egun, eta ezinbesteko jokalaria izan zen taldeak aurtengo Kopa irabazi zezan. Andoainen bizi da.

Alzheimerrari buruzko adierazpen instituzionala

Irailaren 21ean Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta, Udalak onetsitako adierazpen instituzionala jakitera emango da Zumea Plazan, 12:00etatik aurrera. 

Emakumeen futbola Ubitarten

Egun berean, IV. Buruntzaldeko Emakumezkloen Futbol txapelketa izango da Ubitarteko zelaian. Buruntzaldeko Udalek antolatzen dute txapelketa; emakumeek egindako futbolaren ikusgarritasuna bultzatuz, berdintasunaren bidean sakondu nahi dute era horretan. Urnieta, Usurbil, Debako Hamaika Bat eta Euskalduna taldeek torneo antzekoa jokatuko dute goiz osoan, eta 12:30etik aurrera 3. eta 4. postuak eta finala erabakiko dira. Realeko emakume jokalari bat bertan izango da, eta sari eta garaikurrak banatzen ariko da.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!