Leitzarani eskainitako kontzertu distiratsua, Otietako parajean

Xabier Lasa 2019ko ira. 23a, 11:05

Eguraldia lagun, Gora Kaletxiki Bandak Otietako parkean kontzertu berezia eskaini zuen igande eguardian, eta bertan Unanibia abestia estreinatu zuen, Joxe Mari Oiartzabalek konposatu berri duena. Ikusmina berezia piztu zuen kontzertuak, bere edukiagatik batetik, eta gauzatzekoa zen eszenategi naturalagatik bestetik, eta gozatu ederra hartu zuten hurbildu ziren musika zaleek.

Joxeramon Berrondo aurkezleak, kontzertuaren hasieran ikusleei honako mezua helarazi zien: “izan zaitezte bidelagun gurekin, Goikoplazan hasi eta Unanibian amaitzen den musika txangoa eginez”.

Sei abestiez osatutako errepertorioak gidatu zuen ibilbide gozagarri hori: Andoain (Luis Fraca); Leizaran (J.M. Oiartzabal); Artetxepea (J.M. Oiartzabal); Antzizar (J.M. Oiartzabal); Goiburu (Pepe Andoain); eta Unanibia (J.M. Oiartzabal).

Azkenerako utzi zuten Unanibia abesti sortu berria, eta entzuleen gustukoa suertatu zen, amaieran jaso zituen txaloei kasu eginez gero. Hona zer dioen entzuleen artean abesteko banatu zen letrak: "Andoaingo irudia / dugu guk Unanibia / sorgin bilkura bihurtuta / ezagutzen dute gure zubia / bi auzo elkar uztartuz / landuaz burdin harria / herritarrentzat da hau / barruko leku maitea".

Xabier Ucin klarinete joleak Andoain abestian bakarlari gisa jardun zuen; Joxeramon Berrondo Izagirre tronpeta jolea, berriz, Leizaran abestian nabarmendu zen.

Esan daiteke 32 musikarien instrumentuen hotsek Leitzaran ibaiaren hotsarekin eta txorien kantuekin bat egin zutela ia ordu bete iraun zuen kontzertuan zehar, ikusleen gozagarri.

Kontzertuaren hondarrean, Bandako kideek Joxe Mari Oiartzabal zuzendariari eta bere emazte Maria Luisa Zuriarraini esker oneko oroigarria eman zieten, eta ondoren, Unanibia abestiaren partiturak Maider Lainez Andoaingo alkatearen esku utzi zituzten.

Kontzertuak kito egin ostean, bertaratutako guztiak hamaiketako goxo baten inguruan bildu ziren; Goiburu auzoko Sega gazte asanbladako kideek eta auzotarrek prestatu zuten hamaiketakoa.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!