Gobernu taldearen erantzuna EH Bilduri

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 23a, 21:45

Allurralde ondoko skate parkeari dagokionez, EH Bilduko eskaerei erantzuna eman diote Udal ardura nagusia duten bi alderdiek: “Andoainek skate gune bat dauka eta Udal gobernu taldeak baieztatu nahi du planteatu diren neurri ezberdinak ezartzeko lanean dabilela”.

Udalaren oharra:

"Andoaingo Udalaren iritziz skatepark berriak, ezarri ondoreneko lehen aste hauetan, herritarren aldetik harrera ona izan du. Gipuzkoa mailan erreferente den instalazio berri bat dugu Andoainen, eta arrakasta hori behin-behinekoa izan ez dadila, eta denboran zehar iraun dezala espero dugu.

Egoki deritzogu gogoratzea nola aurreko legealdian proiektu honen exekuzioa onartu zenean, gaur egun gobernu arduratan dauden alderdiek ezezkoa bozkatu zuten. Ez ordea skatepark proiektuarekin ados ez zirelako, diru partida hori herrian konpontzeko zeuden beste lehentasunetarako bideratzea hobesten zutelako baizik, horietako batzuk EHBilduren agintaldian konpondu gabe geratu ziren beharrak.

Bestalde, proiektuaren inguruan zalantza ezberdinak zeuden: skatepark-aren mantenuari buruzkoak, belardia eta jardinari buruzkoak, bai eta herrian puntu beltz berriak ez sortzeko beharrezko argiztapen egokiari buruzkoak, edota proiektuan jasotzen ez ziren beste zerbitzuei buruzkoak.

Harridura sortzen du orain, eta ez orain arte, nola behar berriak identifikatu diren (WC, farolak, eserlekuak, gomendioen kartelak…), horiek guztiak Gobernu talde berriak beharrezkoak ikusten dituen neurriak, baina betiere proiektuaren lantze fasean kontuan hartu beharko zirenak, aurretiazko fase batetan.

Ez dakigu presaren eraginez, etekin politikoa ateratzeko edota aurreikuspen ezagatik, EHBilduk orain oposiziotik, eta modu populistan erabiliaz, beharrezkotzat aldarrikatzen dituen neurri horiek zergatik ez ote ziren aurrez kontutan hartu.

Andoainek orain Skate ekipamendu bat dauka eta Udalak, gobernu taldeak, baieztatu nahi du planteatu diren neurri ezberdinak ezartzeko lanean dabilela, ekainaz geroztik. Gune berriko juntura batetan sortu den ur isuri arazo bat konpondu bezain laster ekingo zaio ingurunearen egokitzapenari".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!