Taupada, emakumeei laguntza emateko zerbitzu berria

Xabier Lasa 2019ko ira. 25a, 10:56
Solagaistua, Romero eta Lainez, agerraldian

Andoaingo Udalak Taupada aholkularitza zerbitzua sortu du. Emakumeei laguntza emateko zerbitzu berria da, eta indarkeria matxistan aditua den Izaskun Solagaistua psikologoa izango da bere arduraduna.

Maider Lainez Andoaingo alkateak, Petri Romero berdintasuna batzordearen zinegotzi ahaldunak eta Izaskun Solagaistuak berak aurkeztu zuten taupada zerbitzu berria, udaletxean atzo egin zuten agerraldian.

Taupadak laguntza profesionala emango die emakumeei, zer gertatzen ari zaien eta zer behar duten ikusteko eta hobeto sentitzeko pausuak ematen laguntzkeo.

Adierazi zutenez, “Taupada hainbat egoera direla-eta ondo sentitzen ez diren emakumeei laguntza eskaintzeko zerbitzua da". Zenbait egoera zehaztu zituzten, ondoren: "izena jartzen ez dakiten ondoezak sentitzen dituztenean; izena jartzen dietenean baina ez dakitenean ze nolako pausuak eman; bikote harremanean, familian, lanean edo beste harreman batzuetan ondoeza sentitzen dutenean; ezagun edo ezezagun baten aldetik indarkeria edo tratu txar egoerak jasotzen ari direnean, e.a”.

Gaineratu zutenez, “emakume askok sentitzen dute gaizki ari direla tratatzen, baina ez dakite zer ari den gertatzen, ez dakite nola erantzun edo nori eskatu laguntza. Ondoez horietako asko sintoma bilakatzen dira, eta zaila izaten da horien jatorria identifikatzea”.

Bi bide jarri dira eskura, Taupada zerbitzuarekin harremanetan jartzeko:

Korreo elektronikoa: taupada@sormena.biz.

Telefonoa: 667608202.

Hitzordua astelehenetik ostiralera eskatu liteke, 09:00etatik 14:30etara.

 

Eginkizun ugari

Hainbat eginkizun hartuko ditu bere gain emakumeen autonomia sustatzea helburu duen Taupada zerbitzuak:

- Emakumeei akonpainamendua, taldeka nahiz bakarkakoa.

- Emakumeen familia, lagun edo hurbilekoei taldeko eta bakarkako akonpainamendua.

- Emakumeentzako ikastaro eta lantegiak antolatzea.

- Herritarrentzako, oro har, edo horrelakoak eskatzen dituzten taldeentzako hitzaldiak burutzea.

- Erakunde eta elkarteentzako aholkularitza zerbitzua ematea, hainbat egoeratan dituzten zalantza eta zailtasunak argitzen laguntzeko.

- Kasu bakoitzerako baliabide egokienak baloratzea.

- Erakunde eta elkarte horiek bideratutako pertsonei arreta zerbitzua ematea.  

 

 

Hitzaldia, azaroren 8an

Taupada zerbitzuak zer eskainiko duen azaltzeko, Izaskun Solagaistuak hitzaldia eskainiko du Basteron azaroaren 8an. Solagaistuaren hitzetan, “Emakumeen aurkako indarkeria edo tratu txar kasuetan inguruaren esku-hartzeari buruz arituko gara. Arazo larri honen konplexutasunaz eta emakumeen familiek, lagunek edo gertuko beste pertsonek izaten dituzten zailtasunei buruz hitz egingo da, lagungarriak izan daitezkeen jarraibideak eskainiz”.

 

Tailerra, ondoezen jatorria identifikatzeko

Bestalde, atzo egindako agerraldian aurkeztu zen zerbitzuarekin lotuta, Jabekuntza Eskolan “Gure ondoezak berr-ikusten” izenburua daraman ikastaroa egingo da, urriaren 10etik 19ra. Gogoeta espazio bat sortu nahi da, emakumeen ondoezen jatorria identifikatzearen inguruan. Doakoa da ikastaroa, eta ostegunetan burutuko da, 18:30etik 20:30era.

Honako tokietan eman daiteke izena:

- Andoaingo Udaleko webgunea: www.andoain.eus/eu/berdintasuna.

- Andoaingo Udaleko Berdintasun lansaila.

- Urigain eraikina, 1. bulegoa. Telf. 943300830. Emaila: berdintasuna@andoain.eus

- Ataria zerbitzua. Telef. 943300830.  

Erlazionatuak

Taupada ekimena

Aiurri 2019 ira 26 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!