"Rikardo Arregi irakurtzen, 50 urte ondoren"

Andoaingo Udala ekimen berria antolatzen ari da, andoaindarraren heriotzaren urteurrenarekin bat eginez.

Rikardo Arregik idatzitako hainbat idazlanen irakurketa publikoa egingo dute datorren azaroaren 28an. Goizeko 10:00etan hasiko da Bastero plazan, eta arratsaldeko 18:00ak arte luzatuko da. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, guztira, 225 lagunen parte hartzea behar dute.

Andoaingo Udalak, ekimena aurkeztearekin batera, Arregiren izena eta izana agertu du: "Ekintzailea, pentsalaria, kazetaria, idazlea, hizlaria…, hori guztia izan zen. Bere kezka eta intereseko kontuak zituen euskara, politika, gizarte gaiak oro har, nazioarteko gorabeherak, erlijioa, ideologiak, filosofia eta kulturgintza. Arduratzen zuen baita ere Andoain herriak eta Andoaingo euskararen eta kulturaren osasunak. Badira bi hitz Rikardoren ikuspegia eta jarduna laburbiltzen dutenak: berrikuntza eta askatasuna. Berritzailea eta askatasunaren defendatzaile sutsua izan baitzen berak ukitu zituen arlo guztietan".

Boluntario bila

Azaroaren 28ko irakurketa publikoan izena eman nahi duenak urriaren 11 baino lehen egin beharko du 682 342 679 telefono zenbakira deituz edota rikardoarregi@andoain.eus emailera idatziz.

Egun berean, 19:00etan hasita, izen bereko kazetaritza sarien ekitaldia izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!