Lorategien mantenimendurako plegua berrituko dute

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 9a, 10:41

Lorezaintza zerbitzuaren plegua berritzeko garaian, Andoaingo Udalak azken urteotan sortu diren arazoak kontutan hartu nahi ditu.

Zerbitzuen lansailak hedabideetara bidalitako oharraren arabera, “uda hezea denean, euria eta beroa konbinatzen direnean, belarra azkar hazten da denbora gutxian eta, egoera horretan, belarra aspaldian moztu ez dela dirudi. Egoera hau azken hiru udatan errepikatu da eta horrek eragin du lorategi batzuk denbora luzean itxura utzia eta zabarra izatea: belar luzea, etzanda eta landare inbaditzaileez inguratuta”.

Arazoari irtenbidea eman nahian, lorezaintza enpresa ezberdinekin kontsulta fasea abiarazi dute: “Kontsulta horietatik lortutako emaitza baliogarria izango da zerbitzua esleitzeko prestatu behar den plegu berria idazteko. Bertan jasoko dira antzeman diren behar berriak; hala nola, belarra mozteko maiztasuna eta herriko lorategiak hobetzeko aurrera eraman behar diren ekintzak. Beraz, Udalaren helburua azken urteetako arazoak ekiditea eta lorategiak egoera onargarrian egotea da”.

Apiriletik urrira bitartean, udal lorezainen lan nagusia belarra moztea izan da. Lorategiak kokalekuaren arabera sailkatzen dira eta mozketa eremuka egiten da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!