Energia kontsumoa aurrezteko baliabide praktikoen inguruko tailerra

Asensio, Lainez eta Verdasco, aurkezpenean

Etxebizitza, denda edo enpresa txikietako argindar kontsumoa murrizteko lagungarri izan daitezkeen baliabideen inguruko tailerra antolatu dute Andoaingo Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean. Tailerra urriaren 29an egingo da, Basteron, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Hiilaren 25a baino lehenago eman behar da izena udaletxean, saio praktikoan parte hartzeko. Bi eratara eman daiteke izena: ingurumena@andoain.eus helbidera idatziz, edo eta, 942-300830 telefonora hots eginda.  

Jose Ignacio Asensio Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak, Maider Lainez Andoaingo alkateak eta Jose Luis Verdasco langileria, antolakuntza eta barne araugintzako zinegotziak aurkeztu dute Gipuzkoa Argitu programaren baitan kokatzen den tailerra, gaur eguardian Andoaingo udaletxean. Asensioren hitzetan, Gipuzkoa Argitu “baliabide multzo bat da Gipuzkoako gizartearentzat, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoarekin eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokarekin konprometituta dagoenarentzat zuzendutakoa”.

Asensiok zehaztu duenez, “era erraz soil eta soil batean sustatu liteke energiaren eta bereziki elektrizitatearen kontsumoaren murrizketa, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako abian jarritako baliabideen bitartez”.

Basteron burutuko den tailerrak, hain zuzen, herritarrentzako informazioa indartuko du kontsumitzaileak heziz. Horretarako, ezagutzera emango dira bere kontsumoaren, potentziaren eta tarifaren inguruko datuak.

Maider Lainez alkateak Andoaingo herritarrei tailerrera azaltzeko gonbidapena luzatu die. "Kezka eta zalantza ugari izaten ditugu etxeko fakturarekin, datu asko ez baititugu ezagutzen, egokia ote den ala ez kontratatuta daukagun potentzia, e.a. Eta hain justu, zalantza guzti horien inguruko argibideak jasotzeko aukera ona izan liteke tailerra; baita ere, energia berriztagarriei buruzko informazioa edukitzeko eta horietara jo ahal izateko ze aukerak dauzkagun jakiteko”.

Antzeko tailerrak Gipuzkoa osoan egiten ari dira. Hortaz gain, guztien eskura jarri dira kontsumo zein eraginkortasun energetikoko praktikak hobetzeko eta aurrezpena sustatzeko gida zein tutorialak Gipuzkoa Argitu programaren web orrian (www.argitu.eus). Etxe bakoitzeko kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira tutorial horietan; besteak beste, zenbat kontsumitu dugun eta noiz egin diren kontsumorik handienak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!