Andoaingo herriaren ondare den konpartsa

Mikel Arberas 2019ko urr. 24a, 08:11

Andoni Alonso Andoaingo erraldoi eta buruhandien konpartsako kide da. Urteak daramatza konpartsako kide izaten, eta larunbat arratsaldean herrian barrena erakustaldia egingo dute.

Andoaingo erraldoi eta buruhandien konpartsak urte asko daramatza herria eta auzoak alaitzen; horrez gain, herriko ondare garrantzitsua da. Azken urteetan, adin ezberdinetako jendeak hartu du konpartsaren gidaritza lana.

Andoni Alonso konpartsako kideak adierazi duenez, erraldoi eta buruhandien kudeaketa 8-10 pertsonen artean egiten dute. Buruhandiekin parte hartzen dutenak, bestalde, dozena bat gazte dira. Helduagoak direnek erraldoiekin entseatzen dute. Gazteenak, berriz, buruhandiak jantzita umeekin jolasean ibiltzen dira.

Emanaldiei dagokionez, bi mota bereizten dira: batetik, Udalarekin hitzartuta dauzkatenak. Eta, bestetik, zenbait hitzordu berezietan, hala nola, Korrika herritik igarotzen denean edota Euskaraldian.

Hitzarmenaren barruan, konpartsak hiru irteera egiten ditu: Inauterietan, Santakrutzetan eta San Juan jaietan. Entseguen egutegia ezinbestekoa dela nabarmendu nahi izan du konpartsako kide den Alonsok. Konpartsa erakustaldia egin baino hilabete eta erdi lehenago hasten dira entseguekin: "Entseguak ordubete irauten du, eta lau dantzak praktikatzen ditugu. Erraldoiek duten pisua kontuan hartzeko eta barruan dagoena seguru sentitzeko beharrezkoa da entseatzea". Asteartetan elkartzen dira, gaueko 21:00etan.

Saioez gain, erraldoi eta buruhandien mantenu lanetaz arduratzen dira. Figurak Udalarenak izan arren, konpartsako lantaldeak bere gain hartzen du zaintza lana.

Erraldoi eta buruhandien konpartsa elkarte bilakatzeko lanean ari dira, urte osoko martxa modu egokiagoan eraman ahal izateko.

Larunbat arratsaldean, saio berezian, Andoaingo kaleak alaituko dituzte.

Pertsonaia historikoetan oinarrituta

17:00tan Goikoplazan ikusgai egongo dira Erraldoiak eta buruhandiak. Ondoren, Konpartsa kalejiran abiatuko da Juanita Alkain plazan, Zubiaurren, eta Zumea plazan geldialdiak eginez. Erraldoi eta buruhandien konpartsa dultzaineroak lagunduta ibiliko da. Bidean zehar, Aitor Mendiluze bertsolariak idatzitako bertsoak abestuko dituzte.

Andoaingo konpartsa egiteko garaian bi gai nagusi hartu zituzten: Pertsonaia historikoak erraldoien kasuan (Juan Legarra eta Cecilia Legarra, Azelaingo bikotea), eta Trentxikiko lanbideak buruhandien kasuan (mehatzaria, olagizona, ikazkina, estraperlista, makinista, geltokiko nagusia eta arrieroa).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!