Ospakizun bikoitza Andoaingo Udal Liburutegian

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 24a, 11:24
Iazko ospakizuneko argazkia

Urriaren 24an Liburutegien eguna ospatzen da. Eta Andoainen, bereziki, Udal Liburutegiaren 57. urteurrena. Liburutegitik jasotako oharraren arabera, egunean zehar hurbiltzen denari tarta zatia eta oparitxoren bat emango diote.

Ohar berean erantsi dutenez, Liburutegien egunaren helburua "liburutegien balioa azpimarratzea da, eta baita zerbitzua kalitatezkoa, hiritar guztientzat irisgarria eta bizitzako edozein momentutan erabili daitekena izateak duen garrantziaz ohartaraztea. Liburutegiek jendearen bizitza hobetzen laguntzen dute, eta baita gizartearen garaipenean".

Etxera eramateko afitxa banatuko dute Andoaingo Liburutegian. Honakoa da:

IPUINIK GABEKO NESKA Gemma Pasqual i Escrivà

"Ez zuen printzesa izan nahi, ez zuen nahi printze urdin batek aska zezan. Ez zuen nahi printze baten musuak bizitza itzultzea, ez haurren esplotaziotik salbatzea ere; ez zuen nahi zazpi ipotxen etxean ezkutatu eta beren neskamea izatea printze batek erreskatatu arte. Ez zen bere ahotsari uko egiteko gai mutil baten maitasunagatik, eta ez zuen espero San Jorgek dragoiarengandik salbatzerik. Lotara edo isiltasunera kondenatutako printzesa nobleak, amaorde, aita edo maitagarri baten aginduz.

Hala, bere zapata gorriak jantzi eta bere ipuinetik alde egin zuen, korrika eta korrika aritu zen babesleku bila, ipuinik gabeko neska bihurtuta. Ipuinik gabeko neska zen, paperik gabekoa, ez zuten inon ere nahi.

Intxaur oskol batean nabigatu zuen Letren Itsasoan zehar, eta galdu egin zen. Korrontearen aurka igeri egiten zuen, esaldien olatu bortitzek itotzen zuten, eta amore eman zuenean, bat-batean, Pippi Långstrump kapitainak salbatu zuen. Neskatila askea, eskuzabala, inoiz ere aspertzen ez zena eta helduen arrazonamendua zalantzan jartzen ausartzen zena. Matildarekin batera, letren itsasoan nabigatzen ari zen, ipuin hobe baten bila itsasoa gurutzatzen saiatzen ziren pertsonaia guztiak erreskatatzeko. Justiziaren eta ahulenak babesteko betebeharraren zentzua oso barneratuta zuten heroiak.

Azkenik, estuasun ugari igaro ostean, portu seguru batera iritsi ziren, Liburutegiaren Portura; Borgesek aipatu zien paradisura, hain zuzen. Urperatutako altxorrez betetako lekua, Virginia Woolfek kontatu bezala; unibertsoko txokorik urrunenetara eramango zuen espazio-ontzia; urruneko iraganera eta urrutiko etorkizunera eramango zuen denbora makina; bizitza hobe, alai eta baliagarriago baterako irteera, Isaac Asimovek azaldu zion moduan. Leku horretan ez zuen printzesa izan beharrik ipuin guztietako protagonista izateko.

Luzaroan beude liburutegiak, guztion babeslekuak, baita ipuinik gabeenak ere, libururik gabeenak, paperik gabeenak, printzesa izan nahi ez duten neskatilenak eta heroi izan nahi ez duten mutikoenak.

Beude luzaroan liburuzainak, paradisuko zaindariak, denbora makinenak eta altxor handienak, liburuak kasu".

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!