Iñaki Egibar, ibilbide luzeko udal ordezkaria

Iñaki Egibar jeltzalea, Marijose Izagirre eta Txitxu Ruiz zinegotziekin hizketan, joan zen ekainaren 15ean agintaldi berriari hasiera emateko plenoan.

Agintaldia abiatu berritan, ezustekoa gertatu da Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan. Iñaki Egibar Larrañaga zinegotziak astearen hasieran dimisioa aurkeztu du, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Alderdiak haren ordezkoa aukeratu beharko du orain.

Astelehen goizean jakin zen, Udaletxean errenuntziaren eskaerari sarbidea eman zion unetik. Ezustekotzat har daiteke Iñaki Egibar Larrañagaren dimisioa, alderdiko gizona baita. Arrazoi pertsonalak argudiatu ditu, interpretazio ezberdinetarako bidea emanez. Ikustear dago hurrengo egunetan alderdiak, edo Egibarrek berak, adierazpenik egingo ote duen. Andoaingo EAJ-PNVk ordezkoa izendatu beharko du orain, eta jeltzaleen hautes-zerrendan hurrenkeran doan hautagaia Imanol Goenaga Egibar da. 

Behin behinean, Egibarren ardurak Marijose Izagirrek bere gain hartuko ditu.

Alderdiko gizona

Iñaki Egibar, aski ezaguna den bezala, alderdiari fidela izan zaio beti. Estrainekoz zinegotzi izendatu zuten 1991eko udaberrian, eta 2007an alkategai izatera iritsi zen. 2015etik hona zinegotzi izan da. Ekainean abiatu zen azken honetan, EH Bilduk inoizko emaitzarik onena lortu eta gero, EAJ-PNVk PSE-EErekin gobernu ardurak hartzeko akordioa lortu zuen. Jeltzaleek Euskara, Kultura, Enplegua edota Zerbitzuak lansailen ardurak bereganatu zituzten. Azken horretan, Zerbitzuetan, Iñaki Egibar arduradun nagusia zen. Berriki, berak sinatutako Udal agirian, herriko lorategien zaintzarako eta mantenimendurako plegu berria idatziko zela iragarri zuen.

Urriaren 21ean aurkeztu zuen errenuntziarekin, udal politikagintzan ibilbide luzeari amaiera emango dio. Perez Gabarain sozialistarekin eta Arregi jeltzalearekin batera, Udal ordezkari modura urte gehien eman duen zinegotzietakoa da Egibar. 1979an lehen hauteskunde demokratikoak deitu zituztenetik, lau urteko 11 agintaldi igaro dira. Bada, Iñaki Egibarrek 11 agintaldi horietatik 5 zinegotzi modura eman ditu. Bereziki, azken urteotan. 

1991n abiatutako ibilbide politikoa

1963ko irailaren 16an jaioa, 27 urte zituen lehen aldiz zinegotzi izendatu zutenean. 1991-1995 agintaldian, jeltzaleen alkategaia Artola izan zen, eta Egibar zerrendan hirugarren aurkeztu zen. Pilar Collantes sozialistak irabazi zituen hauteskundeak, eta jeltzaleek eurekin gobernu akordioa sinatu zuten. Gutxi iraun zuen, jeltzaleek akordioa bertan behera utzi baitzuten. Sozialisten esku geratu zen udalgintza betetzeko ardura nagusia. Agintaldi horretan, 1992ko ekainaren 26an, ireki zuten Allurralde kiroldegia.

1999an zinegotzi kargurako aurkeztu zen berriro. Orduko hartan ere Mikel Arregi izan zen alkategaia, eta Iñaki Egibar hirugarren postuan aurkeztu zen. Eusko Alkartasunarekin koalizioan, Gregorio Olasagasti izan zen hautes-zerrenda hartako bigarren hautagaia. Lizarra-Garaziko garaiak ziren haiek, eta hauteskundeak irabazi zituen Euskal Herritarrok alderdiko Joxean Barandiaranek alkate lanetan jardun zuen. Bastero Kulturgunearen egitasmoa, ia bere osotasunean, agintaldi horretan gauzatu zen. Agintaldi gogorra izan zen, bestalde, Jose Luis Lopez de Lacalleren eta Joseba Pagazaurtunduaren hilketak tarteko.

2003an, ezker abertzalea legez kanpo utzita, EAJ-EA koalizioak irabazi zituen hauteskundeak. 7 zinegotzi eskuratu zituzten, eta Iñaki Egibar laugarrena zen hautes-zerrenda hartan. PSE-EE eta PP alderdien arteko itunak, aldiz, jeltzaleak oposiziora bidali zituen. Zumea plazaren eta Belabi kalearen hirigintza garapena agintaldi horretan gauzatu zen.

2007an EAJ eta EA ez ziren koalizioan aurkeztu, eta Iñaki Egibar jeltzaleen hautagaia izan zen. Josean Perez Gabarainek agindu zuen lehen bi urteetan, eta Estanis Amutxastegik azken bi urteetan. Egibar oposizioko buru izan zen, nahiz eta berari zegokion liberazio politikoa Gurutz Irigoras alderdikideak hartu. Agintaldi hartan Egibarren eta Cano popularraren arteko ika-mikak ugari izan ziren. Egibarrek udaletxeko gastu korrontearen gehiegizko igoera maiz kritikatu zuen. Makaldegia eta Doktor Huitzi kalea lotzeko eskilara mekanikoak agintaldi horretan zabaldu ziren, bestalde.

2011-2015 eta 2015-2019 agintaldietan Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkaria izan zen ere. Gipuzkoako batzarkide zela, 2015-2019 agintaldian Ogasun batzordeko lehendakaria izan zen. Aurtengo ekainean abiatu zen agintaldi berrian PSE-EErekin akordioa sinatu eta gobernu ardurak hartu zituen. Lau hilabete eskas egingo ditu, aste honetan bertan errenuntzia aurkeztu eta gero.

Ogibidez funtzionarioa, bere lanaldia Eusko Jaurlaritzako giza baliabideetara bideratuta dago.

Urte hauetan guztietan Aiurriri eskainitako elkarrizketa ezberdinetan, Udal politikagintzarekiko pasioa agertu izan du. Musika da bere beste pasioetakoa, Olagain Udal txistulari bandaren bidez garatu duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!