"Sariaren garrantziaz etxera iristean jabetu nintzen"

Andoaindar gazteak ikasketak eta golfa uztartzen ditu.

Joseba Garmendia 16 urteko andoaindarra da, La Salle Berrozpen ikasten ari dena. Ekainean 'American Dream' saria irabazi eta gero, AEBen eta Kanadan ikasteko beka lortu du.

Noiz hasi zinen golfean jokatzen? Zerk bultzatu zintuen?

Zazpi urterekin hasi nintzen jokatzen. Nire aita 30 urterekin hasi zen golfean, eta horren harira, anaia eta biok ere murgiltzen hasi ginen. Hasiera batean, ez nuen golfa bereziki gustuko, baina pixkanaka jokatzen hasi nintzenean erritmoa hartu nuen. Gaur egun, izugarri gogoko dut, kirol honetaz maiteminduta nagoela esan daiteke.

Praktikatu zenuen lehen kirola golfa izan zen? Edo beste kirol jardueren zalea zara?

Umetan eskolan egiten dituzten kirol jardueretan hasi nintzen, eta nahiko gaizki egiten nuela ikusi nuen.

Golfean, berriz, hobea nintzela jabetu nintzen eta praktikatzen jarraitzea erabaki nuen.

Zein da zure eguneroko errutina?

Eskolara joan, eta eskolatik irtetzen naizenean bizpahiru orduz golfean entrenatzera joaten naiz; normalean Goiburun entrenatzen dut, baina batzuetan Zarautzeko golf zelaira ere joaten naiz. Duela gutxi jarduera fisikoa ere lantzen hasi naiz.

Ikasketak eskolan aurreratzen saiatzen naiz, ez dudalako denbora asko.

Azterketak ditudanean ez naiz entrenatzera joaten. Horrelakoetan golfa eta ikasketak tartekatzea ez da erraza izaten; guztia planifikatu behar duzu eta eginbeharrak zein egunetarako diren jakitea ezinbestekoa da. Egin beharrekoak zein diren jakinda, eta eskolan etxekolanak aurreratuz gero, eguna hobeto aprobetxatu daiteke.

Ikasketek edo golfak, zer du garrantzia gehiago?

Nire lehentasuna ikasketak dira. Normalean etxekolanak gauerako uzten ditut, eta entrenatzera joaten naiz. Hala eta guztiz ere, ikasketak garrantzitsuagoak dira, nire gurasoek ere hori esaten didate.

Zertan oinarritzen da irabazi berri duzun American Dream ekimena?

Ikastetxe askoren artean matematika eta ingeleseko azterketak egin genituen; azterketan lehenago aipatutako arloetan nota hoberenak zituzten ikasleek parte hartu zuten. Espainia mailan, guztira, 2.400 pertsonek hartu zuten parte azterketan, eta horietatik hamabost pertsonak izan zuten beka lortzeko aukera.

Egin nuen azterketa ez zen ohiko azterketa izan. Dinamika batzuk landu eta geure buruaren aurkezpen txiki bat egin behar izan genuen. Nire ustez, hein handi batean, kurrikulumarengatik gidatu ziren. Azkenean, kirol arloko eta arlo akademiko sei pertsona aukeratu zituzten, hiruna bakoitzetik.

Ikasleen artean maila altua sumatu zenuen?

Bai. Arlo akademikoko jendearekin txundituta geratu nintzen. Jende oso ona ikusi nuen, jendaurrean hitz egiteko izugarrizko erraztasuna erakusten zuena. Batzuk, jada, zenbait proiektutan  parte hartzen ari ziren. Kirol mailan ere maila izugarria zegoen. Espainiako txapeldun izandakoak zeuden, esaterako.

Nolatan parte hartu zenuen American Dream ekimenean?

LaSalle Berrozpek, Batxilergo mailan, Duala izenekoa du. Batxilergo amerikarra eta hemengoa uztartzea ahalbidetzen du. Ekimen horrekin duela bi urte hasi ginen. Orduan, ikastetxeen artean deialdia egin eta nire izena eman zuten. W2A izeneko agentzia batek Amerikako Estatu Batuetara ikastera joateko unibertsitate bat bilatzen laguntzen dizu.

Nola sentitu zinen American Dream ekimeneko saria irabazi zenuenean?

Saria eman zidatenean ez nion garrantzia handirik eman, ez bainaiz asaldatzen den horietakoa. Bestalde, etxera joan nintzenean pentsatzen jarri nintzen, eta horrelako saria lortzea zerbait oso garrantzitsua izan zela iruditu zitzaidan.

Ikastetxeak nire izena eman zuen eta azterketan aurrera egitea lortu nuen; nire hoberena eman nuela uste dut eta, azkenean, horren preziatua den saria lortu nuen.

Etorkizunera begira zer egingo duzun ba al dakizu?

Oraindik ez dakit. Estatu Batuetako unibertsitaterako sarbide azterketa (SAT) egin behar dut, baita Unibertsitatera begira ingeles maila neurtzeko azterketa ere (TOF). Aurrerago, unibertsitateetara bidaltzeko idazlan bat idatzi beharko dut, neure burua aztertzeko. Esandako guztiaren ostean, unibertsitateek euren ikastetxea aukeratzeko eskaintzak egiten dizkiete ikasleei.

Etorkizunera begira, proiekturik ez dudan arren, ingenieritzaren bat ikastea gustatuko litzaidake. Baina oraindik ez dakit zein motatakoa. Golfari dagokionez, berriz, ez daukat ezer pentsatuta. Batez ere, entrenatzen jarraituko dut, eta aurrerago ikusiko dut hobetzen dudan edo ez. Golfean adin garrantzitsuena nirea da (16 urte), maila handia lortzen duzu edo bertan geratzen zara. 

American Dream beka onuragarria izango da, etorkizunera begira.

Nik uste dut baietz. Azken finean, Amerikako Estatu Batuetan ikasteko aukera izatea izugarria da. Esan didatenez, ingelesak izugarrizko garrantzia du eta horrelako leku batean egoteak maila handiagoa duzula erakusten du. Gainera, Estatu Batuetan kirolari diren ikasleentzat sustengu ikaragarria dago.

Horrez gain, ekonomikoki izugarrizko bultzada ematen du beka eskuratzeak. Bekarik gabe, kanpora ikastera joatea oso zaila da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!