Aitor Mendiluzek Andoaingo erraldoiei eta buruhandiei buruz egindako bertsoak

Aiurri 2019ko urr. 28a, 16:20

Aitor Mendiluzek lau bertso idatzi ditu konpartsa osatzen duten pertsonaia batzuei buruz; besteak beste, mehatzariari, olagizonari, ikazkinari, makinistari, Lebitoni, arrieroari eta estraperlistari buruz.

Aitor Mendiluzek egindako lau bertsoak:

Historiaren ospakizuna
dario zahar-berritik
erraldoi eta buruhandien
konpartsari oinarritik
eta ikusgai bilakatzen du
bakoitzak bere neurritik
zenbatek zenbat egiten duen
herriarentzat herritik.

Herriarenak, herriarentzat,
herritar eta herrikoi
bi alturako talde bakar bat
bere xehe eta bere goi
aurrera ere lan egiteko
badago aski arrazoi
eskerrik asko konpartsa honen
parte zareten guztioi.

MEHATZARIA, OLAGIZONA ETA IKAZKINA

Mehatzearen zerbitzurako
martxan jarritako trena
izan zen gure herria eta
Leitza lotu zituena
beraz figura garrantzitsua
da mehatzariarena
bere lanetik etorri baitzen
gero etorri zen dena.

Leitzaran ibai ertzeko olak
ziren meharen helmuga
olagizonen eskuetatik
zihoan labe barrura
gure herrian garrantzitsua
izan zen lanbide hura
olagizona historiari
iltzatuta geratu da.

Mendietako ikatzarekin
urtzen bazuten burdina
ikazkinaren behar handia
izango zuten jakina
ez ziren soilik zakuak eta
arropako hauts zikina
Tren Txikiaren ibilbidean
izandako eragina.

MAKINISTA

Tren gidaria ez zen egongo
olako lanaren aurka
ikatz zakuak bagoian sartu
eta ikazkinei aupa
estraperlistei lagun eginez
haietatik ere mauka
trenean sartzen ziren lanbide
denetatik zerbait dauka.

Bere bandera gorria eta
bere txistu itsusia
beste guztien zortean zuen
nolabait zer ikusia
nor sartu, nor ez, noiz abiatu
bere esku zen guzia
gure herrian ez zen edozein
geltokiko nagusia.

ARRIEROA, ESTRAPERLISTA ETA LEBITON

Arrieroa, merkataria,
bere buruaren alde,
iritsitako baserrietan
saldu, entzun eta alde
beste batera zihoanean
behin egin ezkero galde
merkantzi ona gutxiren truke
eta kontuak debalde.

Garai bateko bizimoduan
hamaika etxetan larri
zebiltzalako emakumeak
arriskatzen ziren sarri
estraperlistak trenean bere
itxaropenak ezarri
haruntza kezka eraman eta
bueltan bizia ekarri.

Lebiton gizon gaiztoa zela
denok dakigu primeran
gauez ibiltzen zena askotan
ezkutatuta aukeran
nahiz eta askok erdi ahaztu
urteak doazen eran
oraindik bitan begiratzen du
tunelaren irteeran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!