Hiru artegileren lanak, ikusgai Basteron

Xabier Lasa 2019ko urr. 29a, 11:22

Itziar Bilbao eta Oier Iruretagoiena, erakusketa ireki zen egunean

Itziar Bilbao, Oier Iruretagoiena eta Miel Oiartzabal sortzaileek egindako artelan sorta ikusgai dago Basteroko erakusgelan urriaren 4az geroztik. “Gizon txikia ez denean-hylé-morphé” izenburua darama erakusketak.

Arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzeko helburua duen Harriak programaren baitan kokatzen da hiru egileek Andoainera ekarri duten arte proposamena.

Erakusketa zabalik egongo den azken egunean, azaroaren 9an, eguardiko 12:00etan, Edorta Langara andoaindarrak bisita gidatua egingo du Basteron bertan, irudien eta soinu-sorpresa batzuen laguntzarekin. Esperientzia performatiboa izango da, eta artelanez artelan, bertaratzen den ikuslea egileen imajinarioetan murgiltzen saiatuko da.

Erakusgela astelehenetik ostiralera (18:00etik 20:00) eta larunbatetan (10:30-13:30/18:00-20:00) dago zabalik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!