Euskaldunako mendizaleak Ezkabako preso iheslarien arrastotik

Xabier Lasa 2019ko urr. 30a, 14:33

Euskalduna Taldeko mendizaleak Ezkaba gotorlekuko presoek 1938an egin zuten ihesaldian oinarritutako ibilbidea egiten ari dira azken asteetan. Lau etapa ditu guztira ibilbideak, eta hiru egin dituzte orain arte. Naturaz gozatzatzeko ez ezik, ezkutatuta egon den geure historiaren atal izugarri baten berri edukitzeko ere baliagarria gertatzen ari zaie mendi txangoa.

1938ko maiatzaren 22an, Europan ezagutzen den presoen ihesaldirik jendetsuenetakoa egin zen Ezkabako (Iruñea) gotorlekuan: 798 presok ihesari ekin zioten egun hartan, zaindariak mendean hartu eta gero.

2.487 preso zeuden pilatuta kartzelan orduan; Errepublikaren alde borroka egiteagatik preso hartutakoak ziren gehien-gehienak, eta baldintza penagarriak ezartzen zizkien kartzela erregimenean bizi ziren.

Ihesean parte hartu zutenek Iparralderako bidea hartu zuten, baina bakar-bakarrik hiruk lortu zuten muga ganditu eta salbu jartzea. Gainerakoak atxilotu egin zituzten Ezkabatik Iparraldeko muga bitarteko bidean. Horietatik 206 harrapatutako leku berean erail eta lurperatu egin zituzten. 1937ko urtarriletik 1945eko uztaila biarte egon zen zabalik gotorlekua, eta denbora horretan 305 preso hil ziren, modu batera edo bestera.  

Hiru preso haiek ziur aski egin zuten bidean inspiratuta, GR-225 izeneko mendi ibilbidea txukundu, seinalizatu (marka txuri gorriekin) eta prestatu dute azken urteetan. Ibilbideak 54 kilometro ditu guztira, eta hainbat bailara (Erro, Esteribar, Anue...) eta bi ibai (Arga erta Ultzama) zeharkatzen ditu.

Iruñetik Urepelerako txangoan zehar topa daitezkeen paraje naturalekin gozatzeaz gain, badago aukera iheslariei buruzko informazioa eskuratzeko; hots, askatasuna lortu zutenei zein berriro preso hartu zituztenei eta erail zituztenei buruzkoa. Izan ere, zenbait lekuetan, oroigarriak eta informazio panelak jarri dituzte.

Horrela, Euskaldunako mendizaleek orain arte egindako hiru etapetan, biktimen aldeko bi omenalditxo burutu dituzte, azken urtetan preso iheslarien gorpuzkinak topatu dituzten Olaben zein Esteribarren.

 

Lau etapek osatzen dute Ezkaba-Urepel GR-225 ibilbidea:

  1. Ezkaba-Olabe (14 km.).
  2. Olabe-Saigots (14 km.).
  3. Saigots-Sorogain (16 km.).
  4. Sorogain-Urepel (10 km.).

Euskaldunako kideek abenduaren 1ean egingo dute azken etapa, Nafarroa Behereko Urepel herrian amaitzen dena. Aurreko hiruak irailaren 29an eta urriaren 13an eta 27an egin zituzten.

Argazkiak zein bideoak, Euskaldunako kideek egindakoak dira.

 

Ezkabari buruzko hitzaldia

Hain zuzen, ihesaldiari buruz gehiago jakiteko, Euskalduna Mendigoizaleen Taldeak Fermin Ezkieta historialariarekin hitzaldia antolatu du azaroaren 15ean. Ezkietak “Los fugados del Fuerte de Ezkaba” (Pamiela argitaletxea) liburua argitaratua dauka, ihesaldiari buruzko makina bat agiri eta informazio jaso ostean. Hitzaldian zehar, Andoaingo Oroituz elkarteko kideek Ezkabako gotorlekuan preso egon ziren andoaindarri buruzko xehetasunak eskainiko dituzte.

Hitzaldi hori, Euskaldunak urtero antolatu ohi duen mendi astearen barruan kokatzen da.

 

Mendi astea

Hitzaldi eta irudien emanaldiek, bazkideen batzarrak, mendi irteerek eta babarrun jateak osatzen dute aurtengo egitaraua. Hitzaldiak 20:00etan hasiko dira. Batzarra, berriz, 19:00etan.

 

* Astealehena, 11: Aitor Abendaño: “Groenlandia Bertikala 2017”.

* Asteartea, 12: Sonia Casas: “Alpinismo en femenino”.

* Asteazkena, 13: bazkideen urteko batzarra.

* Osteguna, 14: Iker Karrera: “Iker.Mendia.Etxea”.

* Ostirala, 15: Fermin Ezkieta: “La fuga de Ezkaba”.

* Larunbata, 16: Gaztexoekin mendi ibilaldia. Andoain-Leitzaran-Belabi-Onddolar-Amasa-Villabona. 09.00etan irtenda.

* Igandea, 17: Mendi irteera eta babarruan jatea Urrestillan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!