Haurtzaroarekiko tratu ona sustatzeko konpromisua

Andoaingo Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Andoaingo ikastetxeek (Aita Larramendi ikastola, La-Salle Berrozpe ikastetxea eta Ondarreta Ikastetxea) hartzaroarekiko tratu onak jorratzeko EMANTIK programa aurkeztu zuten udaletxean atzo eguardian. Aplikazio baten bitartez lehen hezkuntzako haurren egoera emozionala erregistratu eta zaindu ahal izango da.

EMANTIK programa gauzatzeko tresna baliagarria izango den tablet lagapenaren sinadura ekitaldia egin zuten Andoaingo Udalak eta hiru ikastetxeek udaletxean.

Bertan adierazi zenez, Andoain haurren tratu onarekin konprometitutako udalerri bihurtzea du helburu proiektu honek. Maider Lainez alkateak gaineratu zuenez, “kudeaketa emozionala ikasten laguntzea eta edozein haurrengan gerta daitezkeen sufrimendu-kasuak goiz antzematea nahi da. Sistemak beldurrak, tristura amorrua, etab. sor diezaieketen egoerak identifikatuko ditu. Irakasleek ahalik eta lasterren arreta eman diezaieten. Programaren garapenean zehar, haurren babesean adituak diren bi psikologok ikastetxeetako irakasle taldeei aholkuak emango dizkiete”.

EMANTIK izeneko programa pilotoa da atzo sinatu dutena. Izan ere, gela batzuetan bakarrik ezarriko da eta helburuak betetzen dituela ikusten bada, etorkizunean orokortu egingo da.

Hainbat eragilek hartu zuten parte programaren aurkezpen ekitaldian. Udala ordezkatuz: Maider Lainez alkartea, Mari Jose Izagirre Sustapen ekonomikoa, enplegua eta gazteria zinegotzia, Ascension Parron (PSE-EE), Andoni Alvarez (EH-Bildu) eta Tere Santana (Elkarrekin Podemos). Ikastetxeak ordezkatuz: Aita Larramendi (Letizia Bertolez eta Aitor Iriondo), La Salle-Berrozpe ikastetxea (David Urtasun, Oihane Agirre eta Aitor Azurmendi) eta Ondarreta ikastetxea (Maite Petrikorena eta Idoia Otamendi). Eta, azkenik, programa kudeatuko duten HZ eta HEZIZERB enpresetako teknikari eta psikologoak: Iratxe Salazar, Josune Balentziaga, Maider Saralegi, Carlos Argilea, Pili Azpeitia eta Iker Alustiza.

 

Emozioen adierazpena, klik batean

Programa gauzatzeko ezinbestekoa izango da ikastetxekin elkarlanean jardungo duten psikologoen zeregina. Horietako bat da Josune Balentziaga. “EMANTIK deitzen den aplikazio multimedia tabletean gauzatzen da, eta bertan oinarrizko sei emozio agertzen dira, modu praktikoan agertu ere, ikasleek era erraz batean identifikatu ahal izateko. Eta zertan datza? Aplikazioak ikaslearen autopertzeptzioa jasoko du. Egunean bi momentu hartuko dira, ikasle bakoitzak klika dezan nola sentitzen den. Horrela jasoko diren datu guzti horiek gurutzatu egiten dira, eta ondorioak ateratzen dira. Adibidez, gela jakin batean ikasleak bereziki haserre daudela, ondoko gelan bereziki pozik daudela... Bestelako ondorioak ere atera daitezke. Programa honek informazio jakin bat emango digu; baina ez da bakarra. Izan ere, horren gainetik irakaslearen begirada dago; jakina, irakasleak ondo ezagutzen du ikasle hori, ikasketa prozesu bat baitago tartean. Horrenbestez, informazio osagarriak dira batetik eta bestetik datozkigunak. Egia esan, froga txikia egina dago, eta ikusi da ikasleak oso erraz moldatzen direla aplikazio horretara. Ez du oztopatzen ikasketa erritmoa, hiru lau minutuetan ikasle guztiak pasatzen baitira prozesutik. Anonimoa da prozesu guztia, ikasle bakoitzak badaki zein den bere zenbakia, eta bere identifikatzailea klikatzen duenean ez da agertzen izenik, ez argazkirik...”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!