Bizilagunak egitasmoa Andoainen

Xabier Lasa 2019ko aza. 7a, 10:12

Estereotipoak eta aurreiritziak haustea helburu duen Bizilagunak ekimenak edizio berri bat ospatuko du, azaroaren 17an. Bertako eta atzerritik etorritako pertsonak edo familiak otordu baten inguruan bilduko dira, dinamizatzaile bat ondoan edukiz.

SOS Arrazakeria eskubide berdintasunaren aldeko giza mugimenduak bultzatzen du ekimena Euskal Herri osoan, eta badira zenbait urte Andoainen ere egiten dela. Iñaki Otamendi, Natalia Hurtado eta Xabier Sarasola andoaindarrak ekimenean parte hartuko dute. Hiruek ere badakite zer den urrunetik etorritako herritarrekin bazkari baten inguruan biltzea.

Luzea da Otamendiren eskarmentua: “bikoteak, alabak eta hirurok urte mordoa daramagu topaketak ospatzen, eta urtero gertatu zaigu aberasgarria. Izan ere, munduko hainbat herrialdeetako jendea ezagutzeko aukera eman digu: Mexiko, Nigeria, Sahara... Aurten Andoainen bizi den Siriako familiarekin daukagu hitzordua. Azken batean, oso ekintza xumea da, mahai batean biltzea bazkaltzeko. Lotsak kentzea da norberari eskatzen zaion ahaleginik handiena. Beharbada lehenbiziko kontaktu hori da ezinegona-edo sor dezakeena, baina horretarako daude bitartekariak, giroa goxatzeko”. 

Kanpotik heldu diren pertsona horiekiko gutxieneko interesa ere beharrezkoa dela erantsi du Otamendik: “jakin mina behar duzu eduki, munduan dagoen aniztasunarekiko... Aberastu egiten zaitu zureak edo gertukoen bizipenak ez diren beste batzuenak entzutea. Jende hori nondik datorren, zergatik, zeintzuk diren euren asmoak...”.

Natalia Hurtado eta Xabier Sarasola bikoteak Mongoliako familia batekin egin zuen bilkura, iaz. Bizilagunak ekimenarekin errepikatzeko asmoa agertu dute orain, bizipen hura aberasgarria suertatu zitzaiela pentsatuta. Jatorriz Kolonbiakoa den Hurtadok adierazi du horrelako topaketek emigrazioa ulertzen laguntzen dutela. “Bi aldeak ohartzen dira normaltasunez hartu behar dela emigrazioaren fenomenoa. Aurreiritziek ez dutela izateko arrazoirik”.

Bertakoei dagokie lehen pausoa ematea

Bertakoei dagokie lehen pausoa ematea, Hurtadoren iritziz. “Etorkina mentalizatuta heltzen da, jakinda oztopoz betetako bizimodura egokitu beharko duela. Bertakoak eskua luzatzen badio bazkariaren keinu txikiarekin besterik ez bada ere, orduan gauzak leundu egingo zaizkio”.

Sarasolak adierazi duenez, etorkin batentzat lehentasunezko kontua lurralde berri batean egokitzea da, eta beraren eta bere familiaren ongizatea ziurtatzea: “Ondoren piztuko zaio bertako gizartean integratzeko eta bertako jendearekin nahasteko premia. Nolanahi ere, egia ere bada batzuei ez zaiela kezka hori pizten. Soilik beren mikromunduan mugitzen dira, bera bezalako jendearekin nahasten dira, leku jakinetan kontsumitzen dute edo aisialdiaz gozatzen dute aisialdiaz...”.

Otamendi, Hurtado zein Sarasolarentzat haurrak dira aipatutako harresi mentalak eta kulturalak hausteko antidotorik eraginkorrenak: “Haurrak haurrekin normaltasunik handienarekin harremantzen dira, nongotarrak diren elkarri galdetu gabe, eta hortik aurrera, gurasoak derrigortuta daude bide beretik segitzera”.

 

Nouh Zoubairi, 29 urteko gaztea

Bigarrengo urtea da Bizilagunak ekimenean parte hartzen dudala. Orauin lau urte heldu nintzen Euskal Herrira, eta iaz, Sorabillako harrera etxean bizi nintzen, eta bertako mutilak animatu egin ginen, eta Andoaingo bertako gazte kuadrila batekin egun polita igaro genuen. Herriko elkarte batean bildu ginen, bazkari goxo baten inguruan. Haiei zein guri bazkariak balio izan zigun lehenbizko hoztasuna hausteko. Harrezkero, beste bazkari baterako elkartu ginen; guk Sorabilla gonbidatu gonbidatu genituen. Egia esan, Bizilagunak primeran etorri zitzaigun herriko jendearengana hurbiltzeko. Izan ere, Sorabillan zaudenean eguna di-da batean joaten zaizu, prestakuntza ikastaroetan murgilduta baizabiltza normalki. Gainera, Sorabilla urrun geratzen da herri kaskotik, eta apenas daukazun aukerarik jendea ikusteko ere.

Gauzak horrela, zaila daukazu kalera irten eta bertako herritarrak ezagutzea, eta haiek ere gu ezagutzea. Integraziorako eta bertako jendearengana hurbiltzeko makina bat traba dauzkagu, hizkuntzarenaz gain, Horrexegatik izugarri eskertzen da hurbilketa errazten duten ekimenak.

Caritasek zuzentzen duen Sorabillako harrera etxeak urte eta pikoko laguntza eskaintzen die gu bezalako etorkin gazteei, eta nire kasuan jada amaitu zen egonaldi hori. Hari esker lana topatu nuen, eta Andoainen bizi naiz orain. Nolanahi ere, Sorabillako jendearekin harremana mantentzen jarraitzen dut; oraintxe bertan bizi diren gazteak etorri berriak dira, magrebtarrak eta Saharaz azpikoak gehien-gehienak, euskaldun bat kenduta. Ez dakitela zer den Bizilagunak, alegia. Horrexegatik, iazko esperientziaren berri ematea egokitu zait niri. Batzuei kosta egin zaie ulertzea herrian badagoela jendea haiekin otordu baten inguruan elkartu nahi duena, beste inongo asmorik gabe. Mesfidantza hori etor liteke igual ez dutelako oso eskarmentu gozorik bizitu sorlekua halabeharrez atzean utzi zutenetik. Eta gero, tartean, badira izaeraz lotsatiak direnak, “zer egin behar dut nik pertsona ezezagun baten aurrean, bi hitz ulergarri trukatzeko ere ez gara kapaz izango eta?”. Ezkor jarri zaizkit, baina baietz, merezi duela eta probatzeko erantzun diet nik. Konbentzitzen lanak eduki ditut, baina animatu dira; azken batean desiatzen baitaude euskal gizartera irekitzeko, orain daukaten errutinatik irtenda. Hamabi bat laguneko kuadrilla bilduko gara azkenean”.

Zumea plazan, azaroaren 17an

Bizilagunak eta Ongi Etorri Eskolara ekimenak batera egingo dituzte. Hitzordua Zumea plazan ipini dute, 13:00tan hasita. Familian, taldean edo banaka eman daiteke izena, 943 321 811 telefono zenbakira deituz edota bizilagunak@sosracismo.eu korreora idatziz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!