Ehun urteko eserlekuak hitz egingo balu...

Ainhoa Arozena 2019ko aza. 9a, 09:07

Ehun urte pasatxoko Etxeberrieta auzoko ile-apaindegian egiten du lan Kike Gurrutxaga Aresok, oso txoko berezian. Ile-apaindegiaren historia eta bere lanbidea ez ezik, auzoa bera ere mintzagai izan du berekin izan dugun hizketaldian. Erreportajea osorik, Aiurri aldizkariaren 548 zenbakian.

Argazkiak: Maddi Trutxuelo.

Andoainen jaioa da Kike Gurrutxaga eta bertan bizitua, hiru urte bete zituen arte. Orduz geroztik Zizurkilen bizi da, baina jaioterriarekin lotura estua mantentzen du; egunero etortzen baita Andoaingo Etxeberrieta auzoan duen ile-apaindegira lanera. 35 urte baino gehiago darama bertan lanean. Migel Ramon Gurrutxaga aitak, eguneroko bere lantokiko lanaz gain, arratsaldetan, ile-moztaile eta bizargin modura egiten zuen lan Etxeberrietako bizartegi berean. Aitak irakatsi zion ofizioa semeari eta harekin batera hasitako bideari eutsi dio Kikek. "Eskolan Tolosan hasi nintzenean libre izaten nituen arratsaldeak eta 'nirekin hona' esan zidan orduan aitak. Guraizeak utzi zizkidan eta pixkanaka ikasi nuen haiek erabiltzen. Lagunak ekartzen nituen ilea moztera, baina lasai aritzen nintzen ni; gaizki egindakoa konpondu egiten baitzuen aitak atzetik", azaldu du.

Gazte garaian, Fraisoroko nekazal eskolan ere aritu zen ikasten Kike eta, arratsaldetan, bertako ikaskideei mozten zien ilea. Geroago, Fraisoron bertan, adimen urritasuna zuten pertsonak zaintzen egin zuen lan. Soldadutzarako garaia iritsi zitzaion segidan eta handik bueltan, Fraisoron beharrean, ile-moztaile lanetan jarraitzea erabaki zuen. Ile-apaindegia bere izenean jarri ahal izateko, titulua atera zuen orduan Donostian eta hortxe ekin zion bere bideari, 25 bat urte zituela.

Ile mozketa bitxiak
Andoaingoak ditu bezero gehienak, baina Aiztondo bailaratik, Tolosatik edota Donostiatik ere etortzen zaizkio. Gizonei zuzendutako ile-apaindegia da Kikerena, nahiz eta tarteka, gertuko emakumeei ere gustura mozten dien ilea. Ile-apaindegiarekin batera, bizartegia ere izan zen hasieran, baina bizarra mozteari utzi egin zion hiesaren garaia indarrean egon zenean, "kontu handia eduki behar zen odolarekin eta uztea erabaki nuen".

Bezero gazteek, ile mozketa ezberdinak errazago eskatzen dizkiote tarteka, baina adin batetik aurrerako gizonezkoa ilea mozterakoan oso tradizionala dela uste du, "oso zaila da gizonei orrazkera aldatzea", dio. Ilea mozteaz gain, tindatu ere egiten du, "baina ez pentsa, beltza edo gaztaina-kolore iluna erabiltzen da batik bat; noizbehinka, baten bat animatzen da agian metxaren batzuk egitera, baina ez bestelako kolore biziagoetara". Ile mozketa bitxirik egin ote duen galdetuta, berriz, argazkiz betetako albuma atera du kaxoitik eta..., a zer nolako artelanak! Bitxiak oso. Bezeroaren ilea motz-motz egin eta haren gainean denetariko irudi eta marrazkiak egin izan ditu Kikek. Deabrua, saguzarra, armiarma-sarea, Son Goku pertsonaia bera edo baita atomoa ere, "bezeroek eskatutakoa! Egia esan, ondo moldatzen naiz marrazten eta lagungarri izan dut hori nire lanean", argitu du.

Eskuz eta makinillaren laguntzarekin mozten du ilea, baina baita labanarekin ere. "Jende gutxik mozten du egun ilea labanarekin; niri asko gustatzen zait. Duela gutxi, mutil bulgariar bati moztu nion ilea eta harrituta geratu zen labanarekin hasi nintzaionean. Bere herrialdetik kanpo, sekula ez omen zuen inor labanarekin ilea mozten ikusi, eta nork erakutsi ote zidan... Aitak erakutsi zidan niri".

Ehun urte pasatxoko historia
Ehun urte baino gehiago du Kikeren ileapaindegiak. Migel Ramon aitaren aurretik, abizena zehaztea lortu ez dugun Andoaingo beste Migel bat aritu zen bertan lanean. Migelek zabaldu zuen Etxeberrietako ile-apaindegia eta hark erakutsi zion, gerora aitak Kikeri bezala, Migel Ramoni guraizeak nahiz labana erabiltzen. "Fabrikan lan egin ondoren, Migelengana etortzen zen aita ikastera. Bombas lantokian ere egiten zituzten ilea mozten ikasteko tailerrak". Bada, garai haietan jarraituta, Migelen mende hasierako ile-apaindegiko eserlekua mantentzen du Kikek oraindik ere, Triumph markakoa. Burdinezkoa, dotorea benetakoa! Egun bogan daude bezeroei ilea mozteko antzeko eserlekuak eta, zahar itxurakoak egiten badituzte, Etxeberrietakoa antzinakoa da, autentikoa!

Andoaingo zaharrena ez bada, zaharrenetakoa da Kikeren ile-apaidegia, "martxan dagoen zaharrena izango da. Hemendik gertu bi ile-apaindegi zeuden lehen, baina itxita daude egun", aipatu du. Andoaingo zaharrena ez ezik, ileapaindegirik bereziena ere bada, seguruenik. Ile-apaindegi txikia, antzinako eserlekuarekin eta, apaingarri gisa, egurrezko maskarak paretan eskegita. "Neronek bidaietatik ekarritakoak dira asko eta bezeroek ere ekartzen dizkidate kanpora joaten direnean". Maskaren aurretik musika-tresnekin zeukan apainduta ile-apaindegia: txirulak, aho-soinuak, gitarrak, biolinak... Mendian aurkitutako animalien buru-hezurrak ere eduki zituen garai batean: txakur, zaldi, otso, azeri nahiz behienak.

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!