Bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak eta bederatzina mila eurokoak: “Kazetaritza saria” bata, eta “Komunikazio saria” bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak. Finalisten artetik azkenean saridunak nortzuk diren sari banaketa ekitaldian jakingo da.
Azaroaren 28an Andoaingo Bastero Kulturgunean izango da sari banaketa ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan. Finalistak ere bertan izango dira, eta beraiek ere orduan jakingo dute saridunak nortzuk izango diren. Honako hauek dira Kazetaritza eta Komunikazio sarietarako hautatuak:
Kazetaritza saria
Jon Artano Izetaren 2019. urteko kronika eta elkarrizketak Ameriketatik, EITBn.
“Iraultza txikien lekukoak” atala Elhuyar aldizkarian, Ana Galarraga Aiestaranen eskutik.
“Zozoen elean” elkarrizketa sorta (bost elkarrizketa) Berrian, Miel Anjel Elustondoren eskutik.
Kanaldudeko “Hurbiletik” saioko 2019ko uda arteko atalak.
Komunikazio saria
2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpaina.
Ttap aldizkari digitalak 2019. urtean sendotze bidean emandako pausoak.
“Egunean behin” jokoa, CodeSyntaxen eskutik.
“Barruan gaude” podcasta, Oier Aranzabalek Zuzeun argitaratzen duena.