[Azken agurra, gaur 18:30ean San Martin elizan]

Iñaki Arregi Moraza zendu da

Andoaindarra eta euskaltzalea, gizarte mailako hamaika ekimenetan sustatzaile lanetan jardun zuen. Luzea da bere ibilbidea, beti ere hurkoaren alde lanean: Caritas, Osasun pastoraltza, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Alberto Agirre abesbatza, odol emaileen taldea... konpromiso maila handiko gizon eskuzabala izan zen. 1960ko hamarkadan zinegotzi izan zen ere.

1927an Kale Nagusian jaioa, andoaindar peto-petoa zen. Aiurriri 2011n eskainitako elkarrizketan bere ibilbidearen sorburua azaldu zuen: “gaztetatik saltsero samarrak izan ginen koadrilako lagunak”. Joxe Mari Olazabal eta beste hainbat herrikiderekin batera, gaztetandik gizarte hobe baten aldeko lanean murgildu ziren. Olazabalek berak Andoaingo Domina jaso zuenean, Arregi eta lagunak gogoan izan zituen: “Jaioz geroztik, Iñaki eta biok elkarren ondoan bizi izan gara beti: eskolan elkarrekin, JOC-en elkarrekin, zinegotzi elkarrekin, pilotan elkarrekin… Beti lotuta, oso lagunak gara”.

 

[HEMEROTEKA, 2011KO URRIAN AIURRIRI ESKAINITAKO ELKARRIZKETA]

Buru argia du Iñakik eta memoria ona. Egunerokorik idazten ez badu ere, hainbat kontu kaligrafia dotorez idatzita gordetzeko ohitura du. Paper zatitxo batean hainbat ohar eskuartean dituela hasi da Aiurriko galderak erantzuten. Haurtzarora jauzi eginez, 1933 urtetik 1941era Andoaingo La Salle eskolan ikasi zuela gogoratu du, “La Salle eskola, gure etxearen ondo-ondoan zegoen orduan, Kale Nagusian bertan. Ama 31 urte zituela alargundu zen, bost seme-alaba zituen hazteko eta eskola garbitzen hasi zen lanean. Gure amak egiten zuen lanaren truke debalde ikasten genuen guk”. Iñakiri marraztea gustatzen zitzaion umetatik eta zerbaitetan nabarmentzekotan horretantxe nabarmentzen zela adierazi du. Gerora, 1941etik 1969 urtera Andoaingo Laborde lantegian hasi zen aprendiz gisa. Lantegi hartan aparteko ikasketak jasotzeko zortea izan zutela uste du: “Lehen promozioan 20 lagun sartu ginen, andoaindarrak guztiak. Deliniante moduan aritu nintzen lanean aurrena, administrari gisa geroago”. Laborden, ordea, ez zen guztia lana. Eguneroko eginbeharraz gain, kultur nahiz kirol arloa sakon lantzen zuten: besteak beste, dantza, abesbatza, taxidermia, gimnasia, mendizaletasuna… “Eskertzeko moduko aprendizajea izan genuen guk. Lanaz gain, euskal dantzak ikasi nituen Laborden 40-50eko hamarkadetan. Francoren garaian euskal folklorea galarazita bazegoen ere, Bizente Amunarriz irakasle donostiarrarekin ikasi genuen guk. Plaza askotan eskaini genituen gero saioak. Hemengo folklorea jasotzeko asmoz Igeldon grabatu zen ‘Los hermanos Ibarrola’ filmean ere parte hartu genuen”, azaldu du.

Pilota bereziki

Kirolen artean, pilota gustatu izan zaio gehien Iñakiri. Gustatu bakarrik ez, jolastu ere soldadutzara joan arte jolastu zuen eskuz, hainbat txapelketetan parte hartuz. “Bazkaldutakoan Goiko plazako frontoira joaten ginen korrika. Han pilotan aritu eta gero, Labordenera, beste korrika saioa eginez”. Era berean, futbola eta bereziki mendizaletasuna oso gogoko izan ditu. “1955 urtean, Euskalduna mendigoizale elkartea sortu genuen koadrilako kideok eta guk antolatu genituen lehen lau mendi martxak”. Kirola zela, dantza zela…, ederki izerditu arren, egungo erraztasunik gabe moldatzen ziren garbitzeko, “gazte denboran ez genuen bainerarik ezagutu. Aska bat bagenuen etxean: han sartu eta tuberiaren gainean zulodun potoa jarrita garbitzen ginen nolabait”.

Kultur zinegotzi

28 urte zituela ezkondu zen Rosario Artano andoaindarrarekin eta sei-seme alaba izan zituzten. 1961 urtean zinegotzi lanetan hasi zen Andoaingo udaletxean, “abertzalea eta euskaltzalea izan naiz ni beti, baina ez zait politika gustatzen. Inkonformista naiz eta independente moduan sartu nintzen udaletxean PNVko beste kide batekin batera. Kultura mailan aritu nintzen lanean eta lehen biblioteka jarri genuen garai bateko alhondiga zegoen lekuan”. Urte batzuk geroago, 1969an eraikuntza enpresa batean hasi zen lanean 1991 urtera arte, “konstrukzio enpresatik eskaintza egin zidaten eta beharra zegoenez, baiezkoa eman nuen. Duela 20 urte jubilatu nintzen, 64 urte nituela. Nire txokoan irakurtzea eta ikerketa lantxoak egitea gustatzen zait orain”, adierazi du.

Bolondresa, langilea

Ume zenetik izan du elizarekiko lotura. Zazpi urte zituela monagillotza lanetan hasi zen San Martin parrokian eta hantxe jarraitu zuen lanean, 1972 urtean, Santa Krutz ermita parrokia izendatu zuten arte, “geroztik, iaz arte, monitore, batzordeko kide nahiz erregistroko lanetan aritu naiz Santa Krutzen”.

Bestalde, betidanik izan du abesteko joera, Labordeneko abesbatzan parte hartu ez bazuen ere, “etxearen atzealdean patio handi bat genuen eta anai-arrebak kantuan aritzen ginen bertan. Ezkondu eta sakabanatzen hasi ginenean, aldamenekoek, patio hartatik haien poza bazihoala esaten zuten”. Etxean bezala, Alberto Agirre abesbatzan ere urtetan abestu izan du Iñakik.

Bolondres gisa, lan asko egindakoa da. Besteak beste, 24 urtez izan da odol emaileen elkarteko ordezkari. “Neronek ere 60 aldiz emana dut odola. Pentsa, hasieran kalean ematen genuen, taxi geltokia dagoen horretan.”. Osasun pastoraltzan ere aritu da 30 urtean zehar, “adineko gaixo taldeari laguntzen nion Andoain nahiz eskualde mailan”. Gizon eskuzabala.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!