Memorian sakontzeko konpromisoa berretsi du Udalak

Xabier Lasa 2019ko aza. 14a, 17:27

Gaur Memoriaren Eguna dela eta, Andoaingo Udaleko alderdi guztiek adostu duten adierazpena aditzera eman dute, “ideien aniztasunean, printzipio demokratikoetan eta giza-eskubideen defentsan oinarritutako memoria inklusibo batekiko konpromisua” berretsiz.

Lau alderdietako zinegotziek agerraldia egin dute udaletxean, gaur eguardian. Andoango herritar guztiei dei egin diete “ez dezaten iragana ahaztu, ezta gure gizarteak orokorrean, eta modu zehatzean biktimek, jasan zuten min eta sufrimendu bidegabeak izan zituen ondorio lazgarriak ere”.

Gogoan hartu dute iaz aurkeztu zuten “Memoria partekatu baterantz. Andoain 1956tik 2018ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketen eta indarkeria ekintzen txostena”, eta aldi berean, ikerketak agerian utzi zituen errealitate guztietan sakontzeko, haien transmisioa bideratzeko eta irakurketa kritikoa ahalbidetzeko konpromisoa hartu dute etorkizunerako.  

 

Maider Lainez alkateak hiru puntu dituen adierazpena irakurri du. Hona hiru puntuak:

  • Indarkeria eta giza-eskubideen urraketa guztien gaitzespenetik abiatuta, memoriak, biktima guztien errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea sustatu behar ditu.

 

  • Horregatik guztiagatik, Andoainen memoria politiketan lan egiten eta sakontzen jarraitzeko gure borondatea eta konpromisoa berresten dugu, txostenak agerian jarri zituen errealitate guztietan sakondu eta hauen transmisioa bideratzeko, irakurketa kritikoa ahalbidetuko duen kargu hartzea, eta biktimen erreparazioan aurrera egin ahal izateko. Gure memoria lantzen eta sakontzen jarraituko dugu, gertatutakoa ahaztu gabe, geroko belaunaldiek jazotakoa ezagutu eta gure hutsegitetatik ikas dezaten.

 

  • Alderdi guztien ordezkaritzarekin osatutako mahaia, Memoria bateratu baterantz txostenak mahai gainean jarri dizkion etxekolanak egiten dabil, etorkizuneko urratsak bizikidetzaren inguruan eztabaidatzen eta zehazten, erantzukizunez eta bere eskuetan dagoen guztia konpontzeko borondatearekin.

 

Bi ekitaldi, Basteron

Memorian sakontze aldera, Udal alderdi guztiek Andoaingo herritarrak Basteron egingo diren honako bi ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte:

* “S(u/a) minetik bakera”. Patxi Lurrak zuzendutako ikus-entzunezko proposamen eszenikoa. Abenduaren 19an, ostegunarekin, 18:30ean.

* “Asier eta biok”  Aitor Merinok zuzendutako dokumentala. Ondoren, egilearekin tertulia. Urtarrilaren 14an, asteartearekin, 18:30ean.

Erlazionatuak

Udal adierazpena

Xabier Lasa 2019 aza 14 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!