Santa Zezilia eguneko kontzertua Santa Krutz elizan

Xabier Lasa 2019ko aza. 21a, 07:47

Larunbat honetan kalejiran abiatuko dira Goikoplazatik, 19:30ean hasita. Kontzertua 20:00tan hasiko da.

Gora Kaletxiki Bandak kontzertua eskainiko du Santa Krutz ermitan, larunbatean. Santa Zezilia musikarien egun handia gogoan hartuko dute, horrela. Ez dira bakarrik arituko, gonbidatuak izango baitituzte. Hernaniko Doinu Zale akordeoi orkestra eta Ozenki abesbatza.Aparteko osagaiekin dator kontzertua, bi abesti estreinatuko baitira bertan. Biak ere Joxe Mari Oiartzabalek eta Joxerramon Berrondok elkarrekin sortutakoak.

Bata 'Bonbardino hotsak' da, taldeko hiru bonbardino jole eskarmentatuei esker oneko gorazarre gisa sortu dutena; Jose Luis Fernandez "Fitero", Paco Perez eta Pako Bidasoro dira egileek hizpide dituzten hiru musikarien izenak. Urtetan aurrera badoaz ere, ez daukate musika baztertzeko asmorik. Bigarrena, 'Baltzuketa' abestia da, Leizotz auzoko baserrian bizi den Jauregi-Mendizabal familiari eskaini zaiona.

Emanaldia pieza gehiagorekin osatuko dute. Besteak beste, El mesias, Trentxikitik barrena, Xalbadorren heriotzean edota Leizaran euskal fantasia.

Kontzertua 20:00tan hasiko da, baina lehenago Gora Kaletxiki Banda kalejiran ibiliko da. Goikoplazatik abiatuko dira, 19:30ean hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!