"Onenen artean egon nahiko nuke"

Mikel Arberas 2019ko aza. 23a, 08:05

Nora Mendizabal Gazteleku Pilota Elkarteko kidea Bizkaia Frontoiean jokatzen. Argazkia: Bizkaia Frontoia

Andoindarrak maila handia erakutsi du pilota partidetan. Apurka-apurka pilotari onenen artean egoteko bidea egiten ari da.

Nora Mendizabal andoaindarrak eta Gazteleku Pilota Elkarteko kideak zenbait txapelketa eta jaialdi jokatu ditu, urtean zehar. Oraingoan, Bizkaia frontoian andrazkoen eskupilotako txapelketa jokatzea egokitu zaio. Amaia Alday pilotariarekin jokatzen ari da. Jada bi partida jokatuta, txapelketa aurrera doa. Lehenengo partidan garaipena lortu zuten, alde handiarekin. Bigarren partida parekatuta egon zen arren, aurkariak gailendu ziren. Ostiralean hirugarrena jokatuko dute, 19:00tan hasita.

Asteburuari begira, igandean Lau t´erdiko Emakume Master Cup txapelketako final laurdenak jokatuko ditu Zamudion Laia Salsamendi nafarraren aurka.

Noiztik duzu pilotarekiko afizioa?

Anaia pilotan hasi zen, eta beste ume askok ere entrenatzen zutenez animatu egin nintzen. Andoni Alvarez garai hartan entrenatzailea zen, eta esku pilotan jokatzen hastea gomendatu ninduen. Esan beharra daukat oso gazte nintzela, eta pozarren hasi nintzela pilotan. Gainera, frontoian neska bakarra izan ohi nintzen, baina egia esan niri berdin zitzaidan gustuko nuen kirola egiten nuelako.

Eskupilotaz gain beste kirol batzuk praktikatzen dituzu?

Txikitatik izan naiz oso kirolzalea. Une honetan eskubaloian eta eskupilotan soilik jarduten dut, oraintxe bertan gustukoenak ditudanak baitira.

Nola tartekatzen dituzu ikasketak, entrenamenduak eta partidak?

Ahal dudan bezala antolatzen dut guztia. Entrenamenduak ia egunero ditut eta, askotan, gaueko 22:00ak aldera egiten ditut etxekolanak. Batzuetan entrenamenduaren aurretik tartea hartzen dut. Gainera, asteazkenetan pilotako eta eskubaloiko entrenamenduak ditut jarraian. Gogorra egiten zait batzuetan, baina gustuko dudana egiten dut.

Jokatzen dituzun pilota partidetan maila handia dago?

Maila handia dago, bai. Oso gustura jokatzen dut pilotan eta, azken aldian, partidu asko jokatzen ari naiz.

Norgehiagoken arabera maila handiagoa edo apalagoa da. Txapelketa batzuetan betikoen artean lehiatzen gara toke erdiko pilotekin; baina, esaterako, Emakume Master Cup txapelketan, esperientzia gehiena dutenek lehen mailan ematen dute izena, nik, berriz, bigarrengoan jokatzen dut.

Euskal Herriko frontoi asko ezagutuko dituzu pilota jaialdien bitartez...

Euskal Herriko txoko askotan jokatu dut, jaialdien bitartez frontoi eta herri asko ezagutu ditut. Burgoseko herriren batean ere jokatu dut.

Egun batean, Avilan jokatzeko aukera eman zidaten, baina partidua jokatzeko bidaia luzea zela eta ezezkoa eman nuen.

Norgehiagoka asko edukitzen dituzu eta zenbait txapelketetan parte hartzen duzu. Entrenamendu gogorrak egiten dituzue mailari eusteko?

Normalean entrenamendu biziak egiten ditugu, gogo handiarekin eta betiko kideekin. Lehen fisikoa lantzeko entrenamenduak ere egiten genituen, baina eskubaloiean nahikoa egiten dudala pentsatzen dut.

Dena den, gogoa eta seriotasuna ez da falta entrenamenduetan, entrenatzaile onak baititugu.

Aurten, gure kabuz entrenatzen hasi gara. Lau kide elkartzen gara Zubietako frontoian, partidak egiteko. Lehen esan bezala, ez dut entrenamendu faltarik.

Patri Espinar pilotari handiaren aurka jokatu zenuen Gipuzkoako txapelketan...

Patrik maila handia dauka. Nola jokatzen zuen ikusi nuenean errespetu handia eman zidan. Binakako partida izan zen; ni aurretik aritu nintzen eta Patri atzetik. Ez zen batere erraza izan horrelako partida bat jokatzea, baina maila erakutsi nuela uste dut.

Pilota munduan murgiltzen zareten emakumeak geroz eta gehiago zarete...

Pixkanaka-pixkanaka aurrerapausuak ematen ari garela uste dut. Duela urte batzuk, ez ziren emakumezkoen pilota partidak ikusten; orain, aldiz, ikusmin  handia sortzen dute emakumezkoen pilota saioek. Komunikabideetan geroz eta garrantzia handiagoa ematen diote. Gainera, duela gutxi EPE Emakume Pilotarien Elkartea sortu zen, pauso handia da hori.

Andrazkoen eskupilotako Bizkaia txapelketa garrantzitsuko aurkezpenean izan zinen.

Izan nintzen, bai. Bigarren urtea da txapelketa egiten dela. Lau bikoteko ligaxka egingo da, eta lehenengo biak jokatuko dute finala, eta besteek hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte. Horrez gain, partidatarako kamisetak jaso eta aurkezpenerako argazkiak atera genituen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!