Nondik nora osatu duzue Rikardo Arregiri buruzko film laburra?
Aurten, Rikardo Arregi hil zenetik 50. urteurrena betetzen zenez, polita iruditu zitzaigun film labur baten bidez omenalditxoa egitea. Egin izan dira Rikardo Arregiri buruzko erreportaje nahiz elkarrizketak, baita ikus-entzunezkoak ere. Baina gure asmoa zerbait ezberdina egitea zen: Rikardo bera gure ardatza izatea nahi genuen, nolakoa zen, zer bizi izan zuen eta zer sortu zuen erakutsiz. Hori izan zen filmaren oinarria. Bere ingurukoek, bereziki Mikel Arregi anaia gazteenak kontatutako gauzetan eta Rikardoren artikulu eta liburuetan oinarritu gara fikziozko filma osatzeko. Gure asmoa, bere espiritua islatzea da; bere ekimena, indarra edota grina erakustea… Izan ere, bere lan nekaezinaz, hamaika proiektu sortu eta jarri baitzuen martxan. Idazten aritzen zen beti, jendearekin biltzen, proiektuak osatu eta aurrera ateratzen, nahiz eta oso-oso gaztea izan, ez baitzen 27 urte izatera iritsi. Tartean, gainera, soldaduskan bi urte igaro zituen eta lau hilabete kartzelan. Euskaltzain urgazlea izan zen oso gaztetan. Gauza asko egin zuen eta egiteke ere utzi zituen bidean.
Nola deskribatuko zenuke Rikardo Arregi bera?
Bere garairako oso gizon aurreratua izan zen. Bera ezagutu zutenek esaten dutenez, oso azkarra eta heldua zen. Ramon Saizarbitoriak esaten zuen politikoki ere kontzientzia handia zeukala, bere inguruko gazte askok ez bezala. Kontzientzia hori familiarengandik zetorkion, aita oso ekintzailea izan baitzen. Etxean jasotako giro horrek eraginda, bera ere maila guztietan zegoen konprometituta eta interes asko zeuzkan; euskara eta euskal kulturarengan bereziki, baina baita politika, erlijioa edota gizartean ere. Euskal Herriko egoera eta giroaz gain, Europari buruzko eta, oro har, nazioarteari buruzko ezagutza handia zeukan. Asko irakurtzen zuen.
Mikel Arregi ilobak beteko du osabaren papera film laburrean…
Hasieratik pentsatu nuen Mikel Arregi adinagatik aproposa izan zitekeela. Fisikoki badu antzekotasun pixka bat, baina berak giro hura ezagutu izana da garrantzitsuena. Osaba zuzenean ezagutzeko aukerarik izan ez bazuen ere, beti bizi izan da osaba bizi zen etxean. Etxe hori ez da askorik aldatu eta badauka garai hartako kutsua. Etxean Rikardoren gauza asko gorde dute eta gurasoen bidez ezagutu eta bizi izan du bere osaba. Gertuko pertsona izateak, balio erantsia ematen dio nire ustez film laburrari. Eskerrak eman behar dizkiot Mikeli Arregi protagonistari, lan bikaina egin baitu. Eta Mikel semeari bezala, baita Mikel aitari eta Begoña amari ere, etxean errodatzeko ateak zabaltzeaz gain, nahi eta behar genuen guztian lagundu digutelako. Beraien eskuzabaltasuna erabat garrantzitsua izan da eta eskertzekoa guretzat. Eskertzekoa baita ere Andoaingo eta Usurbilgo Udalek emandako laguntza eta noski, talde guztiak eginiko lana. Eskerrak aktoreei ere, tartean Andoaingo Katramila antzerki taldeko kideei. Alde guztietatik eskuzabaltasuna eta laguntza jaso dugu eta erabat eskertuta gaude.
Andoain eta Usurbilen errodatu duzue filma nagusiki...
Andoainen, noski, bere jaioterri, bizileku eta bere bizitzaren zati handienaren parte delako eta, Usurbil, Euskal Herri osoan hitzaldi ugari eman bazuen ere, bertan eman zuelako bere hitzaldirik gogoangarrienetakoa.
Tarte berezia hartuko du 1966 urtean Usurbilgo hitzaldi hark. Zergatik izan zen berezia?
Udarregi bertsolariari egin zitzaion omenaldian izan zen, Artze anaiek sortutako Kultur Astearen baitan. Diktadura garai betean Euskal Astea antolatzea apustu ausarta izan zen. Testuinguru horretan eman zuen hitzaldia Rikardo Arregik eta ez hori bakarrik, itzal handiko eta bera baino helduagoak ziren pertsonen aurrean aritu zen: Usurbilgo alkatea, ordurako ezagunak ziren hainbat bertsolari, Jorge Oteiza, J. Antonio Sistiaga, Remigio Mendiburu..., Rikardo Arregi oraindik ezezaguna zenean. Besteak beste, helduek gazteak gutxietsi egiten zituztela eta gazteek ere gizartean nahiz politikan parte hartu behar zutela aldarrikatu zuen. Hitzaldi hori ezustean eman zuen. Artzetarrek hitzaldia prestatzeko eskatu bazioten ere, ingurukoek ez zekiten hitz egingo zuenik eta bazkari horretan altxatu zenean, izugarrizko indarrarekin esan zituen bere hitzak. Aurre egin zien agintari horiei eskatuz modernizatu egin behar zela gizartea eta kultura.
Usurbilen eman zuen hitzaldia bere benetako ahotsarekin jasoko dugu lanean, grabatuta baitago. Irudirik ez dagoenez, guk jarriko dizkiogu. Gaur egungo irudiak izango dira, esaten zuenaren eta egungo egoeraren arteko kontrastea egiteko. Ikusleak ondoriozta dezala gero zertan egin dugun aurrera eta zer dagoen oraindik egiteko.
Rikardo Arregiren lanek ez dute gaurkotasunik galdu 50 urte geroago…Usurbilgo hitzaldi hark ez ezik, gaurkotasun handia dute, oro har, bere artikuluek, bere pentsamenduak… Bere garairako oso aurreratuta zegoen, oso pentsamendu irekia zeukan, oso garbi zeukan gizartea modernizatu egin behar zela, euskal kultura eta euskara batez ere. Garai horretan oraindik Euskal Herrian oso ikuspegi tradizionalista zeukan jendeak, baserria idealizatzen zen eta batzuek iraganeko bizimodua berreskuratu behar zela esaten zuten. Rikardok, ordea, industrializatuta geundela zihoen eta etorkin asko zegoela, jende gehien kalean bizi zela eta horri ezin zitzaiola bizkarra eman. Nazioartera begiratu eta gauzak bestelakoak zirela esaten zuen, ezin zela atzera begira bizi; aurrera begiratu, modernizatu eta gure kultura eta hizkuntza besteen mailan jarri behar zela. Bestela desagertu egingo ginela, herri eta kultura bezala.
Zer esango zenuke filmaren errodatze prozesuaz?
Abuztu erdialdean errodatu genuen, bost egunetan. Esan bezala, Andoainen eta Usurbilen.
Oso lan polita izan da. Duela urte eta erdi hasi ginen ideiarekin. Hasieran asko irakurri nuen, –bai Rikardo Arregik idatzitako lanak baita berari buruz esandakoak ere–, eta familiako kideekin ere hitz egin nuen: nolakoa zen, nola bizi zen, ze inguru zeukan… Hortik hasita egin genuen aurten bukatu dugun gidoia. Garbi geneukan aurten estreinatu behar genuela, urteurrenagatik bereziki, omenalditxo bat izan zedin eta baita bera ezagutarazteko beste aukera bat ere.
Estetika aldetik garai hartara hurbiltzen saiatu gara. Asko zaindu dugu filma eta ekarpentxo bat egitea espero dugu Rikardo Arregiren lana eta pertsona bera gehiago ezagutarazteko. Ikusleek esango dute zer iruditzen zaien.
Datorren asteazkenean estreinatuko da lana. Zein ibilbide egitea nahiko zenukete gerora?
Azaroaren 27an aurkeztuko dugu film laburra, arratsaldeko 19:00etan Bastero Kulturgunean. Andoaingoa eta gero, Usurbilen ere egingo dugu aurkezpena eta hortik aurrera ikusiko dugu zein bide egiten duen.