Rikardo Arregiri buruzko film laburra estreinatuko dute azaroaren 27an

Xabier Lasa 2019ko aza. 25a, 13:49

Rikardo Arregi pentsalari euskaltzaleari buruzko “Zutik” film laburra aurkeztu dute datorren asteazkenean, azaroaren 27an Bastero Kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan. Mikel Arregi bere osabaren azalean sartu da, hamasei minutuko iraupena duen lanean.

“Zutik” pelikulak Rikardo Arregi kazetari, idazle, pentsalari eta kultur eragileak 1965etik 1969ra arteko  egin zuen ibilbidea islatzen du. Hots, artikulu eta saiakerak idazten, askotariko jendearekin biltzen eta hainbat proiektu sortzen buru-belarri zebilen garaitik abiatuz, auto istripuz hil zenera artekoa.

Ikus-entzunezkoa ekoiztu duen Maluta Films enpresako Ritxi Lizartzak, Ainara Mendiola zuzendariak eta bertan aktore protagonista den Mikel Arregik egin dute aurkezpena.

Lizartzak filmaren zergatia azalduz ekin dio prentsaurrekoari: “Rikardo Arregi oso pertsonaje ezaguna da euskalgintzan. Bere figura eta bere idazlanak aztertu izan dira, eta bere ibilbidea aztertzeko orduan ikurtzat hartu izan da Usurbilen 1966an Udarregi bertsolariari egindako omenaldian egin zuen mintzaldia. Hain zuzen ere, gertakizun horretan oinarritu gara, bere artikulu eta bileratan landu zuen ikuspuntua hitzez egoki islatzen jakin zuelako orduan”.

Ainara Mendiola zuzendariak adierazi du Rikardo Arregi arlo pertsonalean landu nahi izan dutela batik bat, “orain arte hainbat lan egin dira Arregiren gainean, eta normalean bera ezagutu zuten pertsonei eman zaie hitza, haien ikuspuntua jaso da. Gure helburua Arregiren pertsonalitatean barrurago sartzea izan da, eta horretarako Usurbilgo hitzalditik abiatu gara. Bi alderdi hartu ditugu kontuan batik bat: batetik, bere artikulu eta idazlanak, eta bestetik, bere etxekoek nola ikusi zuten Rikardo”.

Rikardo Arregi esan eta egin zuenaren gainean gogoeta egiteko garai egokia dela adierazi du Mendiolak. “50 urte dira bere heriotza gertatu zela; 27 betetzeko zela joan zen, baina bitartean gauza asko egiteko denbora eduki zuen. Berak ireki zuen bidea aztertzeko eta horretaz pentsatzeko une egokia bizi dugula iruditzen zait, eta alde horretatik, ahalegindu naiz ikusleek bere kabuz egin dezaten gogoeta. Alegia, ea zein neurritaraino den gaurkoa Usurbilen egin zuen aldarrikapena”.  

Arregi Ormazabal familiak filma egiteko eman dituen erraztasunak eskertu ditu Mendiolak. “Batik bat Mikel Arregirekin eta Begoña Ormazabalekin gaude oso eskertuta, behar genuen guztia eskura jarri digutelako, eta etxeko sukalderaino sartzen eta bertan egun batzuetan lan egiten utzi digutelako”.

Pozik agertu da filmean Rikardo Arregiren azalean sartu den Mikel Arregi: “Ni ere eskertuta nago erabat eman didaten aukeragatik, osabaren figura antzezteko aproposa izan nintekeela uste izan zutelako. Baiezkoa eman nien proposamenarekin etorri zitzaizkidanean; nire lehen aldia izan da antzezlari bezala, eta egia esan, asko ikasi dut”.

Osaba sinesmen handiko pertsonatzat definitu du Mikel Arregik. “Oso konbentzituta  zegoen bere ideiekin, oso argi zeukan zen nahi zuen kultura eta politikaren arloetan. Garapena bizitu izan zuen maila pertsonalean, baina beti eduki zuen argi euskarak modernizatzeko beharra zeukala, baserritik kalera jaitsi beharra zeukala, gainerakoan galbidean izango zela. Rikardo Arregi ondo ezagutzeko, kontuan hartu beharko genuke zein testuinguruetan mugitu zen. Dena zegoen egiteko orduan, dena baitzegoen debekatuta, euskara barne”.

"Zutik" pelikulak Andoaingo eta Usurbilgo Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!