Udalak prentsara bidalitako oharraren arabera, zortzi orduetan zehar 336 pertsonek parte hartuko dute: “Andoaingo herritarrak, euskaltegiko eta ikastetxeetako ikasleak, irakasleak, kazetariak, Andoaingo Udaleko eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako ordezkariak, euskalgintzan, kulturgintzan eta gizartegintzan ari direnak, idazleak… gazte eta zahar, askotariko herritarrak izango dira Rikardo Arregiren testuei ahotsa emango dietenak Basteroko plazako ekitaldi publikoan”.
Lehen irakurleak Rikardo Arregiren senideak izan dira: Begoña, Joseba eta Mikel anai-arrebak. Haien ondoren etorri dira Andoaingo alkatea eta Udaleko talde politiko guztien ordezkariak, herri erakundeetako ordezkariak eta Andoaingo ikastolan lehen irakasle izan zena. Irakurraldiari amaiera emango dio Ramon Saizarbitoria idazleak, zeina Rikardo Arregiren lagun-mina ez ezik, Rikardoren oso gertuko lankide izan baitzen, 1960ko urteetan besteak beste euskara, euskal kultura eta euskarazko liburugintza modernitatearen bideetan barrena bultzatzen.
Amaieran omenaldia jasoko dute euskaldunen alfabetatze kanpainaren barruan Andoainen gau eskoletan euskara irakasten hasi ziren irakasle andoaindarrek.
Rikardo Arregi Kazetaritza Saria
Berrituta dator aurten, bi sari banatuko baitira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Hauek dira zortzi finalistak:
Kazetaritza saria:
- Jon Artano (EITBrako, Latinoamerikan 2019. urtean eginiko kronika eta elkarrizketak).
- Ana Galarraga (“Iraultza txikien lekukoak” atala Elhuyar aldizkarian).
- Miel Anjel Elustondo (“Zozoen elean” elkarrizketa sorta Berrian).
- Kanaldudeko “Hurbiletik” saioa.
Komunikazio saria:
- 2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpaina.
- Ttap aldizkari digitala (2019. urtean sendotzen bidean emandako pausoak).
- Egunean behin jokoa (CodeSyntaxek sortu eta garatua).
- Oier Aranzabal (“Barruan gaude” podcasta Zuzeun).
Ohorezko Aipamena:
- Iñaki Elorza “Txapas” kazetariari, bere ibilbide periodistiko oparoaren aitormena eginez.