Iñaki Elortza, Kanaldude eta Ttap nabarmenduak Rikardo Arregi Sarietan

Xabier Lasa 2019ko aza. 29a, 14:18

Kanaldudeko "Hurbiletik" saioak Kazetaritza Saria, Ttap aldizkari digitalak Komunikazio Saria eta Iñaki Elorza "Txapas"ek Ohorezko Saria jaso zituzten Rikardo Arregi sarietan, Basteron atzo ospatu zen ekitaldian. Ttap-en izenean hitz egin zuen Monika Belastegik adierazi zuenez, “gaur, hemen oso argi geratzen da euskarazko komunikazioaren sektorea bizi-bizirik dagoela, eta oso gutxi gastatzen dugula naftalina eta halakoetan”.

Berriki erretiroa hartu duen Iñaki Elortza Txapas, Euskadi Irratiko esatariarentzat izan da Ohorezko Aipamena Saria.

Xabier Laka eskultoreak egindako irudiaren serigrafia jaso eta hitza hartu aurretik, ordea, ondo ezagutzen duten Euzkitze, Odile Kruzeta eta Joxe Mari Otermin lankide ohien, Joxe Angel Iribar jokalari ohiaren eta Ezkurdia pilotariaren adierazpenak entzun ziren, bideo montaje baten bidez. Goraipamenak entzun ziren haien ahotatik: “Bidegilea, kontalari bikaina, kazetari integroa eta integrala. Zuzeneko emisioetan ikaratzen ez den kazetaria, errespetu handia diona mikro aurreko lanari eta audientziari. Informazio pila kudeatu izan du, eta jakin izan du zer kontatu eta zer isildu, bazterretan minik ez eragiteko” (Kruzeta); ”Kirol kazetaritzan, euskarazko hiztegia topatu gabe zegoen, eta kasik hutsetik abiatu behar izan zuen” (Euzkitze); “Pilota kantxetan bera faltatuz gero, zerbait arraroa gertatu zela iruditu izan zaigu beti” (Ezkurdia); “Gizon txapelduna, euskarak batu gaitu” (Iribar).

Elortzak, saria bere ibilbideagatik jaso arren, ibilbide hori laburra egin zaiola gogoratu ostean, aitortu zuen ikasketez aparejadorea dela, eta kasik txiripa kontua izan zela kazetaritzan amaitu izana. Atzera begira jarri zen azaltzeko bizitzak eman zion ezusteko patu hori: “Iribarri omenaldia eskaini zioten 1980ko maiatzean, eta hark argi eduki zuen ateratzen zen dirua komunikabideetan euskara sartzeko erabili behar zela, kirolen arloan batez ere. Orduko 11.300.000 pezeta izan ziren, Amara auzoan hiru edo lau etxebizitza erosteko lain. Eta dena kirolari lotutako euskarazko hiztegia jasotzeko helburuz. Lan taldea osatu, eta UZEI Terminologia eta Lexikografia zentrora jo zen. Gordailu euskal argitaletxeak ere parte hartu zuen proiektuan, eta tartean zen Hiaxinto Setien Hernandorena urnietarra. Ni orduan euskararen eta kirolaren inguruan nebilen, eta Hiaxintok esan zidan: “joan behar dek Atotxara eta futbol partidu bat euskaraz erretransmititu. Hasi nintzen joaten, jendartean jarri, eta grabazioak egiten igandero. Astelehenetan Jaxintok esaten zidan: “hi, honek gaztelerazkoetatik inbidiarik ez zeukak, oso ondo ari haiz. Segi lanean”. Handik gutxira, Realak Gijonen liga irabazi zuen aldi hartan, Joxe Mari Otermin Herri Irratiko zuzendariak jakin zuen nola zebilen gazte bat euskarazko ahozko emanaldiak bere buruarentzat grabatzen. Irratian aritzeko proposamena egin zidan; nik baiezkoa eman, eta gaur arte irratigintzan!”.

 

Kanaldude, Komunikazio Saria

Euskarazko Kanaldude euskarazko web telebistarentzat izan da Komunikazio Saria. Telebistak ekoizten duen “Hurbiletik” saioa nabarmendu du epaimahaiak, hain zuzen. Honako merezimenduengatik: “Baxenafarreko mendialdeko bailara bateko bizi taupadatik jaiota, dinamismo handiko internet bidezko telebista da egun, Euskal Herriko errealitate askoren irudi unibertsoa hamaika bazterretara zabaltzen dituena. Eskualde horretako berpizte ekonomiko eta kulturalarekin konprometitutako hedabidea da. Telebista atariaren saio interes eta kalitatezkoa izanik, “Hurbiletik”ek taupada horietara hurbiltzen gaitu”.

Pantxika Maitia kazetariak jaso zuen saria, baina ekitaldian bertan ziren bere bi lankide (Haitz Aldana eta Eki Pagoaga) eta laguntzaile bat (Jean Mixel Irigoien) oholtzara igotzera gonbidatu zituen.

Emozioez gainezka zegoela aitortu ostean, Kanaldudek hasieratik ipar izan duen filosofia azaldu zuen: “Orain 20 bat urte pasatxo abiatuz gero, hitza eman diegu bere lurraldea egunerokoan biziarazten eta bizia mantentzen edo edertzen saiatzen direnei arlo ezberdinetan: sorkuntzan, kulturan, ekonomian, ingurumenean, laborantzan eta abar… Gurea ez da eguneroko aktualitatea jorratzen duen hedabidea. Molde ezberdinekoak dira gure erreportajeak, aske ibiltzen garelarik iraupenetan,: izan daitezke hiru, zazpi minutukoak, edo eta gaiak merezi duena”.

Azkenik, Maitiak aurrean zituen entzule guztiei gonbidapena luzatu zien Kanaldudek ekoizten dituen erreportajeak ikusi ditzaten, bere web orrian.

Sari horretan, Ana Galarraga Elhuyar aldizkariko zutabegilea, Miel Anjel Elustondo Berria egunkariko kazetaria eta Jon Artano EITBko kazetaria izan dira finalistak.

 

Ttap, Komunikazio Saria

Ttap aldizkari digitalak eskuratu du aurtengo Komunikazio Saria.  

Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko urrats berritzaileak egin dituzten komunikabideei begira sortutako saria da, eta Ttap baldintza hori ezin egokiago betetzen duela adierazi zuen epaimahaiak. “Bera dugu EHko euskarazko zein erderazko lehen aldizkari digital multimedia aztergai askotarikoak biltzen dituena. Formatu multimedia eta digitalera egokitzeko bidean, euskarazko kazetaritzari esparru eta aukera berriak irekitzen dizkion proiektua da, elkarlanari ere zukua ateratzen diona eta aro digitaleko esparru ugari uztartzen ditu: sare sozialak, blog formatuan, ikus entzunezkoak, web guneetara loturak, ilustrazioak, infografiak… Anbizio handiko proiektu honek 2018ko probaketen ondoren 2019an eman ditu sendotzeko pauso erabakigarriak; besteak beste, edizio berriak, argitalpen bereziak, maiztasuna iraunkortzea…”.

Monika Belastegi Ttap-eko zuzendariak hartu zuen hitza Basteroko ekitaldian. “Nominatuak geundela esateko deitu zigutenean, egundoko ohoretzat hartu genuen, baina baita etsipen puntu batekin ere, lehiakideen maila ikusita. Lauok baitugu ezaugarri komuna: euskararen aldagaia ekuaziotik kenduta ere, berrikuntzarekin estu lotutako apustuak gara. Azpimarratu eta aldarrikatzeko moduko gauza da hori, askok euskara tradizioarekin eta naftalinarekin lotzen duten sasoi hauetan. Euskarazko komunikabideen mundua oso bizirik dago, eta berrikuntzan buru belarri sartuta gaude denok ere. Ttap-en lehen unetik geure buruari baimena eman diegu esperimentatzeko eta jolasteko. Euskarri berri bat ekarri dugu euskaratik eta euskaraz. Edukiekin ere gauza berriak probatzen ari gara, enpresa eratzeko orduan ere euskarazko tokiko komunikabideak Bartzelonako komunikabide batekin elkartu gara. Pixkanaka Ttap bere ttapakiak sortzen ari da. Adibidez, Gipuzkoa eta Bizkaiako lehenbiziko edizioak Nafarroara ere zabaldu ditugu; bidean ikasitakoa Gaztezuloko lagunekin partekatzen dugu, eta horrelaxe, aurreko astean Zut aldizkaria aurkeztu genuen; Ttap-en bertsio hobetu bat sortu dugu nerabeei begira; Ixa telefonotik kontsumitzeko bertikalean grabatutako lehen web saila egin dugu; eduki mota berriak edukitzeko aukera ere laster izango dugu martxan, beste fikzio bat prestatzen ari gara zuzenean mugikorrean kontsumitzeko…”.

Korrika 2019 komunikazio kanpaina, CodeSyntax-en Egunean behin jokoa eta Zuzeun Barruan gaude podcasta sortu duen Oier Aranzabal izan ditu lehiakide Ttap aldizkari digitalak.

  

Instituzioen konpromisua

Sari emateen ekitaldian parte hartu zuten Maider Lainez Andoaingo Alkateak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bat egin zuten instituzio publikoek euskarazko komunikabideak indartu behar dutela aldarrikatzean.

Lainezen hitzetan “beharrezkoa dugu kazetaritza, eta euskara gero eta jende gehiagoren ohiko hizkuntza izango bada, ezinbestekoa da euskarazko kazetaritza sendotzea. Baina aldi berean ondo dakigunez, komunikazio mundua ikaragarri zabaldu eta handitu da formatu eta molde berrietara. Komunikaziogintzak adarrez betetako zuhaitz handi baten itxura hartu du, eta euskara adar horietan ere sasoiko ikusi nahi dugu. Gure obligazioa da komunikazioaren munduan aldaketak euskararentzako aukerak bihurtzea. Kontsumitzaileek gero eta gehiago kontsumitzen ditugun molde eta formatu eta euskarrietan ere euskaraz kontsumitzeko aukerak zaindu eta sustatu behar ditugu”.

Bingen Zupiriak, Rikardo Arregik 1966ko maiatzean Usurbilen Udarregi bertsolariari eskainitako omenaldian haizatu zuen diskurtsoa aipatuz ekin zion: ”24 urteko gazte hark euskal gaztediaren eta euskal idazle berrien izenean, zera adierazi zuen: “Martxa honetan jarraitzekotan hemendik bi belaunaldietara Euskaol Herrian ez izango Udarregiren bertsoak euskaraz irakurri dituen euskaldunik. Martxa honetan ez baita euskaraz hitzegin duenik izango, gauzak aldatzen ez badira behinik behin. Hil edo bizi”. Angustiaz betetako hitz horiek entzunda, erraz uler edo imajina liteke, 60 hamarkadaren erdian Euskal Herrian bizi zen giroa”.

1982an Eusko Legebiltzarrean euskararen legea aztergai izan zeneko unea gogoratu zuen Zupiriak ondoren. Orduan, Etxenike Jaurlaritzako Kultura sailburuak Gernikan hamaika bertsolariek agertu zuten euskarekiko sentimendu agonikoa aipatu zuen. Euskara hiltzen ari zen sentimendua, alegia. “Urte batzuk joan dira, gaur Andoainen bildu gara, kazetaritza eta komunikazio sariak ematera. Sariek beraiek adierazten dute zer gertatu den urte haietan. Euskara bere lurralde guztietan zabaltzen eta eginkizun berrietara iristen joan da. Eta euskararekin batera, komunikazioa. Finalisten zerrenda ikustea nahiko da nolako ibilbidea egin den ikusteko. Euskarazko informazioak eta komunikazioak erronka nagusi bat ezartzen digu. Komunikazio mundua tsunami baten modura eraldaketa batean dagoen momentu batean gertatzen da, eta eskatzen digu belaunaldi honetan lanean ari garenoi gai izatea egunerokoak ezartzen dizkigun erronkak identifikatzeko, eta batez ere etorkizunean izan litezkeenei aurrea hartzeko. Kalitatez lan eginez eta ikusle, entzule eta irakurleen apetak kontuan hartuta. Seguru lortuko dugula”.

Basteron ospatu zen ekitaldia Maider Segurola eta Iban Garate kazetariek aurkeztu zuten. Bertan, akordeoi joleak eta Iñaki Eizmendi kantariak bi abestiz osatutako emanaldia eskaini zuten, eta Iñaki Beraetxe aktoreak errezitaldia egin zuen, Gabriel Arestik Rikardo Arregiri eskaini zion testuaz baliatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!