Olagain Txistulari Elkartearen ospakizun distiratsua

Xabier Lasa 2019ko abe. 5a, 13:06

Dotoreziaz eta ikusgarritasunez ospatu zuen Olagain Txistularien Elkarteak bere 40. urteurrena igandean. Ikusleei ikuskizun gogoangarria eskaintzearekin batera, Elkartearen ibilbidea gogoratzeko, bere bultzatzaileak omentzeko eta urtetako bidelagunei eskerrak emateko balio izan zuen kontzertuak.

Kalitatez eta gozotasunez egindako kultur ekitaldia izan zen. Denetatik eduki zuen, Bastero lepo jarri zuten ikusleei gozamena eragiteko lain: musika, bertsoak, abestiak, dantza, aitormenezko hitz hunkigarriak… Andoaingo konpartsako lau erraldoiek ere ez zuten hutsik egin aparteko hitzorduan.

 

1979ko aitzindariei omena

Gaurko egunera iritsi den Olagain Txistulari taldea Jose Luis Etxeberriak, Joxe Mari Huizik eta Joxe Goikoetxeak 1979an sortu zuten. Eta urte bereko abenduaren 25ean, La Salle eta Aita Larramendi Ikastolako zenbait ikasle ondoan zituztela, lehenbiziko aldiz atera ziren kalera Andoainen, jendaurreko emanaldia eskaintzera.

Egun hura ahalbidetu zuten pertsonak gogoan hartu nahi izan zituzten Basteron. Eta horretarako, haiek guztietatik txistua jotzen jarraitzen dutenak eta zendu direnen senitartekoak deitu zituzten oholtzara, Olagain Elkartearen esker onaz gain publikoaren txaloak jaso zitzaten. Hona zeintzuk jaso zuten oroigarria: Joxe Luis Etxeberria, Xabier Jauregi, Iñaki Egibar, Xabier Esnal, Jose Goikoetxea (semeak jaso zuen oroigarria), Joxe Mari Huizi (Maria Angeles Belamendia alargunak jaso zuen oroigarria), Gotzon Huizi eta Felix Martinez de Lecea.

Aldi berean, atzokoa azken kontzertua zuten Felix Martinez de Lecea atabalariari eta Jexus Mari Otamendi txistulariari esker ona adierazteko parada hartu zuten Basteron. Ainhoa Aiertza aurkezleak zera adierazi zien bi musikari beteranoei: “poza, urduritasuna eta tristura pixka bat sentituko duzue oraintxe, entsegu eta kontzertuak alde batera utziko dituzuela erabaki eta gero. Ongi merezitako atsedena hartuko duzue, eta jakin ezazue zuek egindako lanari jarraipena emango diotela zuen taldekideek”.

 

Ospakizun parte hartzailea

Olagain Elkartearen asmoa ospakizun ekitaldia 40 urtetako ibilbidean bidelagun izan dituen kulturgile eta kultur elkarteekin batera osatzea izan zen. Nolanahi ere, denek ezin izan zuten agertu, baina guztiak ordezkatuz, 130 musikari, abeslari eta dantzariek bat egin zuten kontzertuarekin, modu batera edo bestera. Zehazki, hona parte hartzaileen zerrenda: Txanbolin Txistu Elkartea, Alberto Agirre eta Astigarragako Aiztondo Abesbatzak, Soiñuak Musika Eskola, Urki Dantza Taldea, Klaap Dantza Eskola, Andoaingo Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Loatzo Musika Eskola, Metal Boskotea, Miren Mujika (teklatua), Javier Gestoso (gitarra), Joxean Pascual, Igor Arroyo eta Garazi Jauregi (abeslariak), eta, Jon Beloki eta Unai Ormaetxea (bertsolariak).

Musika errepertorioa guztiz moldagarria gertatu zen, giza osagai guzti horiek batzeko primerakoa, eta entzule guztien gogoak asetzeko modukoa: Ohorezko kontrapasa, Galo eta Amaio, Ama Begira Zazu, Kontrapas, In Dulce Jubilo, Guantanamera, La Alegria en San Fermin, Sagarra jo!, eta, Radetzky March.  

Erlazionatuak

Olagain: Omenaldia

Xabier Lasa 2019 abe 02 Andoain

Olagain: Kontrapas

Xabier Lasa 2019 abe 02 Andoain

Olagain: In dulce

Xabier Lasa 2019 abe 02 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!