Sapa lantegian hitzarmena sinatu dute

Xabier Lasa 2019ko abe. 4a, 13:17

Sapa lantegiko zuzendaritzak eta azaroaren 18az geroztik greban ziren langileek hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hortaz, bertan behera geratu dira langileek iragarrita zeukaten grebaren luzapena.

Sinatu duten hitzarmenaren arabera, 2019rako KPIa (kontsumoko prezioen indizea) gehi 0,8ko igoera adostu dute, hau da, guztira %2a; eta 2020rako, urteari dagokion KPIa gehi 0,8a.

Langileak pozik agertu dira hitzarmenarekin. Adierazi dutenez, langile gehienak kalera irten dira azken egunetan euren eskubideen alde; batuta aritu dira langile komitearekin batera. Eurek jokabideak beste behin zera erakutsi omen du: maiz, lan eskubideak lortzeko, langileek presiozko neurriak hartzea beste erremediorik ez dutela edukitzen, eta merezi duela egin beharreko sakrifizioak. Nolanahi ere, gehitu dute akordioa bi urtetara mugatzen dela, eta hortaz, etorkizunean ere euren eskubideak aldarrikatzen jarraitu beharko dutela. Batik bat, lan plantillako gazteenen lan baldintzekin adi egon beharko dutela esan dute.  

Atzera begiratuz gero, esan behar da Sapa Operazioak SL lantegia osatzen duten 156 langileetatik gehienek azaroan 18an ekin ziotela grebari, eta harrezkero hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin dituztela euren eskakizunen alde; besteak beste, 2012az geroztik soldatak izoztuta dauzkatela salatu dute. Langileak lan egunetan enpresaren aurrean pankartaren atzean jarri dira, eta joan den larunbatean Anoeta estadioaren aurrean bildu ziren, Real-Eibar partidua jokatzekoa zela baliatuz. Izan ere, Real Sociedadeko presidente Jokin Aperribay Sapa lantegiko nagusia da.

Erlazionatuak

Sapako langileen manifestazioa

Xabier Lasa 2019 aza 28 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!