Elkarrekin Podemos eta EH Bildu udal taldeen adierazpena:
"Honezkero publikoak dira Andoaingo Udaleko hautetsien ondasunen aitorpenak. Lerro hauen bitartez gure asebetetzea adierazi nahi dugu andoaindarrek informazio hori kontsultagarri izatea lortu dugulako; informazio hori ez litzaieke inoiz ukatua izan behar.
Urriaren erdialdean udal gobernuak hala adierazi arren, azkenean ez da inolako formula berririk adostu eta azken urteetako formula berbera erabili da datuok publikatzeko.
Zentzu horretan, azpimarratu nahi dugu oposizioak ez balu publikazio hau eskatu eta gai hau publiko egingo, ez litzatekeela urratsik emango. Ia 6 hilabete pasa behar izan dira, baita gobernu krisi bat ere, tramite administratibo bat egiteko, nahiz eta ekainaren 17tik eginda egon beharko lukeen.
Bestalde, gogoratu nahi dugu hautetsien titulazioen eta lan-bizitzaren dokumentuen presentazioa ere eskatu genuela; hau eskakizun berria izan zen. Bada, lanean jarraitzen dugu hala izan dadin. Gardentasunak izan behar du edonolako politika publiko norabidetzen duen balore nagusiena".