"Ohorea izan da film laburrean osabaren papera betetzea"

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 10a, 10:00

Mikel Arregi, Andoaingo Arantzibia plazan.

Joan zen azaroaren 27an, Rikardo Arregiren inguruko 'Zutik' film laburra estreinatu zuten Andoainen. Mikel Arregi ilobak betetzen du osabaren papera bertan. Protagonistak hartu du hitza.

*Elkarrizketa osorik, Aiurri aldizkariaren 550 zenbakian.

Ainara Mendiolak zuzendu eta Maluta Films ekoiztetxeak ekoitzi du 'Zutik' filma, azaroaren 27an, andoaindarren artean arrakastaz aurkeztu zena. Rikardo Arregi kazetari, idazle, pentsalari eta kultur eragileari buruzko film laburra da. 1965etik 1969ra arteko ibilbidea islatzen du; artikulu eta saiakerak idazten, askotariko jendearekin biltzen eta hainbat proiektu sortzen buru-belarri zebilen garaitik abiatuz, auto istripuz hil zenera artekoa. 16 minutuko iraupena du.

Nola jaso zenuen 'Zutik' filmako protagonista izateko proposamena?
Ainara Mendiola zuzendariak azaldu zidan 'Zutik'film laburraren berri eta osabaren papera betetzeko prest ote nengoen galdetu zidan. Ez nion ezezkorik esan... Gerora, kasting txiki bat egin zidaten eta bertan eman nien baiezkoa.

Pozgarria izan zen niretzat nirekin gogoratu izana; batetik helburu eta erronka berria zelako, eta bestetik, osabaren papera betetzea ohore txiki bat izan delako; osaba izateaz gain, baita gizarte mailan daukan izenarengatik ere.

Eta esperientzia aberasgarria izan dela aipatu zenuen aurkezpen egunean. Zer ikasi duzu filmari esker?
Aktore lana ezezaguna zen niretzat, baina aita urte askoan produktore bezala aritu izan zen lanean eta ezagutzen nuen zertxobait platoko giroa, kameren mugimendua, mikrofonoak... Batetik, pantaila aurrean ikusten ez dena; atzean zer nolako lana dagon ikasi dut filmari esker. Talde oso baten lana.

Bestalde, eta osabari buruz, batez ere, egiten zuenarekin oso konbentzituta zegoela. Kultura nahiz euskara modernizatu egin behar zela uste zuen. Euskarak kalera, plazara jaitsi behar zuela. Asko hausnartzen zuen osabak.

Sare sozialen egungo gizartean, garrantzitsua iruditzen zait gehiago hausnartzea; patxadaz eseri, irakurri eta bakoitzak bere ondorioak ateratzea.

Zer nabarmenduko zenuke errodajearen inguruan?
Herrian, Andoainen, eta tartean, gure etxean nahiz Usurbilen grabatu genuen filma, abuztuaren erdialdean. Ondo joan zen grabaketa. 
Lehen aldia izanda, noski, kamerak errespetua ematen zidan; hasieran batez ere eta jendartean nengoenean. Gero pixkanaka, askatuz joan nintzen.
Ainara Mendiola filmaren zuzendariak asko lagundu zidan interpretazioari lotutako gomendioak emanaz.

Zein izan zen osabaren azalean jartzerakoan, bete beharreko lanik zailena?
Batetik, diskurtsoa ikasi eta hura entzunda, nolabait osabaren doinura gerturatzen saiatu nintzen. Eta, era berean, ohiko eszenak grabatzeko garaian ondoan nituen pertsonez gain, diskurtsoaren garaian, beste figurante asko zegoen. Lantaldea nire interpretazioari adi egoteaz gain, beste 30 bat pertsona gehiago ere baziren! Eta, egia esan, urduritasuna sortzen du hainbeste pertsona momentu horren zain ikusteak. 
Bestalde, kosta egin zitzaidan berak zeukan segurtasuna transmititzea ere. Batez ere kameren aurrean lehenengo aldia izanik. 

Pertsonalki, antzezle bidea urratzen jarraitzeko gogorik piztu al dizu esperientzia honek?
Ez litzaidake inportako... Ez dut aterik ixten... Beti pentsatu izan dut gauza dezentetan aritzea onuragarria dela pertsona bezala. Ona da bakoitzak bere buruari helburu eta erronka berriak jartzea.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!