"Babestu beharreko ondaretzat har daiteke Axeri-dantza"

Xabier Lasa 2019ko abe. 12a, 16:40

Izaskun Beraza, Beasaingo jardunaldietan.

“Dantza, festa eta kultur ondarea” izeneko jardunaldiak egin zituzten Beasainen, urrian. Axeri Dantzako kapitaina den Izaskun Berazak mahai inguruetako batean parte hartu zuen bertan.

Zer jorratu zenuten jardunaldi haietan?

Gaian murgiltzeko lagungarri diren hainbat galderen inguruan jardun genuen: Gure herriko dantza ondare izendatu daiteke? Zer da ondare izendatzea? Ondare izendapen batek nola lagundu dezake tradizioa iraunarazten? Axeri Dantzaren Elkarteko kide naizen aldetik, azken urteetako esperientzia kontatzeko gonbidatu ninduten. Baina batik bat, entzutera eta ikastera joan nintzen. Izan ere, oso gai interesgarriaren aurrean gaude, ondare inmaterialtzat har daitezkeen geure kulturako hainbat adierazpide maite ditugunontzat. 

Zer kontatu zenuen bertan?

Historia hurbila azaldu nuen; 36ko gerra inguruan galdua zen tradizioa nola berreskuratu zuten, noren transmisioari esker eta nork bultzatuta izan zen hori, azken bi hamarkadetan egin den hausnarketa prozesua eta bizi izan duen eboluzioa... Egun, ekainaren 24an Goikoplazan plazaratzen den tradizio horrek Andoaingo gizarteari ekartzen dizkion baloreak azpimarratu nituen; besteak beste, euskara eta euskal kultura indartzen duen elementu bat sustatzea, geure historian errotutako euskal tradizio bat biziberritzea, eta, kohesiorako tresna bizi eta parte hartzailea izatea.

Galdera ugari sortu ziren jardunaldietan...

Hala da, eta bata bestearen atzetik irakurriz gero arlo teoriko batean gera gaitezkeela irudituko zaio baten bati beharbada, eta horrexegatik, zer hobea zenbait adibide praktiko begi bistan jartzea baino. Horien artean Galiziako Viana do Bolo herriko inauterietako pertsonaiarena: Italiako Dolce & Gabbana diseinu etxeak pertsonaiaren jantziak inspirazio iturri erabili ditu inori baimenik eskatu gabe, antzeko jantziak diseinatzeko. Adibide hori nahikoa da zer pentsatua eragiteko…

Eta errealitate horren aurrean, zerbait egin liteke?

Sakon hausnartzeko kontua da. Andoainen Axeri dantza bultzatzen duen taldeko kideoi iruditzen zaigu dantza horrek eta bere inguruko elementu guztiek (historikoa, tradizionala, soziala, kulturala, sinbolikoa…) betetzen dituztela babestu beharreko ondare kulturaltzat izendatzeko irizpideak.

Baina, bestalde, ondo aztertu beharrekoak dira eskaera egitearen aldeko eta kontrako arrazoiak. Zeregin horri ekingo diogu etorkizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!