Euskara, bigarren mailako kultur ondare?

Xabier Lasa 2019ko abe. 13a, 11:47

Azken boladan indarrean dabil kultur ondarearen kontzeptua, zorionez. Gasteizko legebiltzarrak, berriki, kultura inmateriala babesteko Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu izanak ere lagundu du horretan.

Gaia hizpide hartuta, egun ere sumatzen segitzen da joera edo mentalitate jakin bat tarteka, iraganean euskal gizartearen elite eta gidari zen zati ez txiki batek (intelektualak, politikoak, administrazio ezberdinetako teknikariak…) erakusten zutena. Alegia, kultura inmateriala (hizkuntza, ahozko tradizioa, dantzak, auzolanaren filosofia, usadioak…) eta kultura materiala (eraikuntza industrialak, artistikoak, erlijiosoak…) bereizteko joera. Ez agian diskurtso publikoen arloan, baina bai praxian. Batak eta besteak elkarrekin zerikusirik edukiko ez balute bezala. Ondare materiala ulertzeko, ondare inmaterialaren premiarik ez balego bezala.

Komunikabide batean lan eginez aktualitatea derrigor segi behar duenari begi bistan jartzen zaizkio bereizketa horren adibide adierazgarriak, nahi baino gehiagoetan. Gehiegi ez luzatzearren, aipa ditzaket bi adibide ilustragarri, Andoainen azken aldian burutu diren bi ekitaldi, ondare kulturala aztergai izan dutenak.

Ondare historikoa berreskuratzerako orduan kultur materiala eta inmateriala bikain uztartzen dakien Burdina elkarteak bultzatuta, irailean bere kide Manu Izagirre hil berriari gorazarre egiteko ekitaldia antolatu zuten Basteron. Izagirre, Aldundiko kultur ondare saileko teknikaria izateaz gain arkeologo konprometitua eta langilea zen aldetik, Gipuzkoan autoritatetzat jo daiteke kultur ondare materiala babestearen arloan. Ia hiru ordu iraun zuen ekitaldian, hainbat gonbidatuek (arkeologoak, historialariak, antropologoak, Aldundiko kargu politikoak…) hartu zuten hitza. Gipuzkoarrek mendeetan landutako burnia, harria, egurra… eta eraikitako baserriak, burdinolak, eleizak… izan zituzten aztergai, entzuleon jakintza ederki asko zabalduz. Gipuzkoako kultur ondare aberatsa goraipatu zuten guztiek ere, eta azpimarratu zeinen pribilegiatuak izan diren parte hartzeagatik ondare horren berreskuratze eta argitaratze prozesuan. Gaztelania garbian denek ere.

Muzin egin zioten Gipuzkoako geure arbaso horiek beren kultur egitasmoak garatzerakoan eta beren ezagutzak transmititzerakoan naturalki erabili izan zuten/duten komunikazio tresnari, hizkuntzari. 

Orain aste batzuk, Aldundiak antolatuta, Leitzaran-Plazaolako bide berdearen errealitate turistikoa kudeatzeko ereduari buruzko lan-jardunaldietan ere goratu
egin zuten arbasoek utzi diguten kultur ondarea; historian zehar artzainen, ikazkinen, harginen, burnigileen... jarduna goraipatu zen, eta baita Leitzaran-Plazaola inguruko, Nafarroako zein Gipuzkoako herritarren arteko harreman historikoak. Eta noski, zehaztu ere, zehaztu zuten egungo instituzioek erabateko konpromisoa hartuta daukatela kultur ondare guzti hori berreskuratzeko, sustatzeko, argitan
jartzeko….

Gaztelania izan zen jardunaldi horien komunikazio tresna, nagusiki.

Zer da eta, goratu beharreko kultur ondareen uniberso guzti horrek daukan elementurik aberatsena, hizkuntza alegia, bigarren mailakotzat jo zen praxian!

Sakoneko kontraesan argiagorik, ba ote?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!